Borrar

Oliver Twist

1839 urtean bukatu zuen Charles Dickensek 'Oliver Twist' nobela. Istorio horrekin, umezurztegi eta erreformatorioen egoera latza salatu nahi izan zuen idazle ingelesak

Txani Rodríguez

Domingo, 20 de noviembre 2016, 00:03

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

1839 urtean bukatu zuen Charles Dickensek 'Oliver Twist' nobela. Istorio horrekin, umezurztegi eta erreformatorioen egoera latza salatu nahi izan zuen idazle ingelesak. Garai horretan zegoen marjinalitatea eta delinkuentzia azpimarratu nahi zuen, bai eta sistema judizialaren funtzionamendu kaskarra ere.

John Irving idazle eta gidoilariak idatzi zuen 'The Cider House Rules' filmaren gidoia. Michael Caine, Tobey Maguire eta Charlize Theron dira pelikula hunkigarri horren protagonistak. Eszenatokia, St Cloud umezurztegia da. Abortatzeko eskubideari eta babesa beharrari buruz hitz egiten du filmak.

Kazuo Ishigurok 'Never Let Me Go' nobela distopikoa idatzi zuen eta 2010ean zinemara eraman zen, Keira Knightley protagonista zuelarik. Liburuaren pertsonaiak Hailsham barnetegian bizi dira. Hasiera batean, egoerak idilikoa dirudi, baina beldurrezko eta amodiozko argudio baten aurrean gaudela laster ulertuko dugu.

Hiru adibide baino ez ditugu jarri, baina zentro espezializatuetan sartuta dauden adingabeei buruz nobela eta pelikula anitz daude, eta gehienak egoera gogor baten isla dira. Baina -denok dakigunez- errealitatea fikzioa baina gogorragoa, gordinagoa eta sinesgaitzagoa da. Egun hauetan, jakin berri dugu Arabako Foru Aldundiaren adingabeentzako zentroaren zenbait erabiltzaile prostituitu ote dituzten argitzeko ikerketa bat ireki dutela. Bezeroekin harremanetan sartzeko, Sansohetako ordenagailuak erabili zituzten nerabeek. Psikologo bat atxilotu dute.

Nik ez dakit nola kontatuko lukeen Charles Dickensek gaur egungo istorio triste hau, baina amesgaizto baten kutsua dauka. Norabiderik eza sumatzen da jokabide horien oinarrian. Etorkizunean itxaropen gutxi eduki beharko dute nerabe horiek euren autobiografien orrialde ilun horiek idazteko. Hori da kezkagarriena: XXI. mende honetan, zenbait nerabe itxaropen barik bizi direla. Itxaropena barik ez dago neraberik, aurreratu den zahartzaro likits bat baizik. Datu bat: 'Oliver Twist' idatzi ostean, 'Itxaropen handiak' argitaratu zuen Dickensek. Ea zer idazten dugun guk.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios