Borrar

Ipar Euskal Herrian euskara indarberritzeko jardunaldia

Egin beharrekoak aztertuko dira Jagonen, azaroaren 19an Baionan

elcorreo.com

Sábado, 12 de noviembre 2016, 02:24

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Euskaltzaindiak XXI. Jagon Jardunaldia antolatu du, Euskal Konfederazioarekin batera, eta Ipar Euskal Herrian euskara indarberritzeko egin beharrekoak aztertuko dira bertan. Hitzordua azaroaren 19an da, Baiona euskal museoan.

Bi erakundeetako ordezkariek Jagon Jardunaldia aurkezteko prentsaurrekoa eman zuten asteartean Baionan, eta parte hartu nahi duen ororentzat izen ematea zabalik dagoela jakinarazi zuten. Horretarako, 944 158 155 edo 0033 559 256 426 telefonoetara deitu behar da.

Aurkezpenean azaldu zutenez, Euskal Elkargoaren sortzea eta euskararen geroa aztertzeko antolatu zen XXI. Jagon Jardunaldi elebiduna (itzultzaileak izango dira). Esan bezala, Euskaltzaindiak eta Euskal Konfederazioak bat egin dute aurtengo antolakuntzan.

«Tokian tokiko elkarte eta herri erakundeekin batera egiten du lan Akademiak. Kasu honetan, Ipar Euskal Herrian zabaltzen den aro berriaren aurrean indarrak bildu eta etorkizuneko erronkak finkatu eta bistaratzeko», esan zuen Battittu Coyos Jagon sailburuak.

Jagon Jardunaldi berriak gizarte eragile eta erakunde desberdinetako kideak batu eta beraiei emango die hitza, datozen urteak nola irudikatzen dituzten azal dezaten eta erronka berrien aurrean nola jokatu behar den ager dezaten.

Hizkuntza politikaren erronkak

Horretarako, programa zabala antolatu da, goizez eta arratsaldez gauzatuko dena. Goizean, egungo euskararen egoeraren irakurketa proposatuko da. Honela, 09:30ean hasiko da jardunaldia, Battittu Coyos Jagon sailburuaren eta Maider Hegiren (Euskal Konfederazioa) sarrera hitzaldiekin. Ondoren, Argitxu Etxandik (Kontseilua) 'Euskararen estatusa. Legezko koadroa eta aukerak' hitzaldia emango du, eta 11:00etan hizkuntza politikaren erronkak aztertuko dira mahai-inguru batean.

Arratsaldean izango du jarraipena goizeko mahai-inguruak, baina gonbidatu desberdinekin. Azkenik, 16:00etan, erakunde publikoei zuzendutako aldarrikapen testua irakurriko dute Xarles Bidegain euskaltzainak eta Euskal Konfederazioko Maider Hegik.

Aldarrikapen honen nondik-norakoak argitu zituen Sagrario Aleman euskaltzainak aurkezpenean. Jagon sailaren barruan dagoen Sustapen batzordearen egitekoa euskara bera zaindu eta hizkuntzaren erabileraren eremuan zer gertatzen den aztertzea dela gogorarazi zuen, eta hor kokatzen dela Jagon Jardunaldia. Horretarako, Euskaltzaindiak landu nahi duen gaiaren hainbat aditu gonbidatzen ditu, eta horien gogoetak baliatzen ditu bere gogoetak egiteko. «Tokian tokiko herri taldeak gonbidatzen ditugu, eta horiekin zuzenean lan eginez antolatu ditugu azken urteotako jardunaldiak», gaineratu zuen.

Hala ere, jardunaldion egitekoa ez dela hori bakarrik adierazi zuen. «Zenbait egoera larrien aitzinean, gure egitekoen artean ere badago erakundeen aurrean adierazpenak egitearena, gure kezka azalduz edo larritasun egoerak salatuz. 19ko aldarrikapen testua bide horretatik doa, eta Ipar Euskal Herrian euskarak bizi duen egoera larria salatzeko baliatuko dugu», azaldu zuen.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios