Borrar
'Mendiak' aplikazioan 1500 gailurren informazioa agertzen da.
Ikusi, mendizaleak

Ikusi, mendizaleak

CondeSyntaxek 'Mendiak' aplikazioa kaleratu du Euskal Herriko 1.500 gailurren inguruko katalogoarekin, erabiltzaileek igoerak parteka ditzaten

virginia enebral

Viernes, 30 de septiembre 2016, 23:54

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Euskaraz eskuragarri dauden aplikazioak gero eta gehiago dira eta, neurri batean, Eibarko CodeSyntax enpresari esker da. Teknologia berri eta web orrietan espezializatutako elkarte honek milaka deskarga lortu zuen 'Tribual' jokoa kaleratu zutenean iaz; ondoren, segapotorako 'Mugikaria' albistea sortu zuten. Oraingo honetan, 'Mendiak' aplikazioa asmatu dute. Bertan, 1500 gailurren informazioa agertzen da: kokapena ez ezik, mendien altuera eta deskribapen laburrak ere baditu. Gainera, mendizaleen artean ezagunak diren Wikiloc eta Mendikat web orriek eskaintzen dituzten fitxetarako loturak ere badaude. «Informazio mordoa batu dute jada, horretarako egin baitziren. Gure helburua ez zen haiekin lehiatzea edo egin duten lana berriro egitea, errazagoa zen estekak jartzea», azaltzen du Asier Sarasuak, proiektuaren arduradunak. Izan ere, jatorrizko ideia aplikazio erraz bat egitea zen «bakoitzak igotzen dituen gailurrak markatzeko eta partekatzeko, norberak historial bat edukitzeko». Zaletasunaren alderdi ludikora zuzenduta dago, alegia, horregatik ez dituzte ibilbideak sartu.

Horretaz aparte, erabiltzaileek euren balorazioak eta argazkiak parteka ditzakete. «Mendizaleen arteko komunitate bat sortzea zen proiektuaren asmoa», argitzen du Sarasuak. «CodeSyntaxen webguneak, plataformak eta besteentzako aplikazioak egiten ditugu, baina badaukagu I+D sail bat geure proiektu propioak garatzeko. Teknologia jorratzen dugun bitartean, enpresa berziklatzeko era bat da. Kasu honetan, lanekoak mendizaleak gara eta merkatuan horrelakorik ez zegoela ikusi genuen. Udaberrian hasi ginen eta orain arte». Mendiak kokapena eta garaieraren arabera ez ezik, haurrekin igotzeko egokiak izateagatik ere sailka ditzakete. Baheketa Euskal Mendizale Federazioaren txapelketan parte hartzen dutenen edota erabiltzaileen balorazioen bidez ere egin daiteke. «Azkenean, guztion artean aukeratutako mendiak nabarmenduko dira».

Iritziak

Mendiak bezalako aplikazioak gero eta hedatuagoak daude mendizaleen artean. M.U. inizialekin sinatzen duen Baztaneko herritar batentzat «Euskal Herriko mendien katalogoa poltsikoan eraman ahal izatea» da onena. Bestalde, erabiltzaileek aplikazioa euskaraz egotea eskertzen dute, «zaila delako aplikazioak gure hizkuntzan aurkitzea», onartzen du L. Dorronsoro donostiarrak. Horrez gain, Baztanekoak mendiari dagokion informazioa eta baita besteen komentarioak ere eskura izatea oso lagungarria dela adierazten du. Portugaleteko Eider Garabietari gehien gustatu zaiona erakusten dituen mapak eta gertuko mendien zerrenda izan da. «Oso erabilgarriak dira, batez ere leku ezezagunetan gaudenean informazioa bilatzeko». J. Basterrica eibartarrak, berriz, federazioko Ehun Mendien Lehiaketa betetzea errazten duela azpimarratzen du, primerako informazioa ematen baitu lehiaketa horren helburua bete ahal izateko. «Umeekin joan nahi izanez gero ere, 'app' honek lagundu egiten du mendi aproposenak ezagutzeko. Gainera, aplikazioari esker igotako mendien kontua errazago eraman dezakegu».

Izan ere, besteengandik bereizten duena 'Mendiak' aplikazioak eskaintzen duen atal pertsonala da. «Azken batean bakoitzaren mendi katalogo historikoa bihurtzea du helburu», dio Sarasuak. «Erabiltzaile bakoitzakbere igoera eta argazkien zerrenda, eta baita bere estatistika pertsonal guztiak ere, zein mendi igo dituen, noiz, eta zenbat aldiz, gorde ditzake. Horixe da aplikazioaren erabilera nagusia: mendizaleok gure mendi-igoeren datu eta historial osoa izatea gure sakelekoan».

Datorren bertsioa / Aldaketak

Mendiak aplikazioak 500 deskarga darama dagoeneko eta erabiltzaileen balorazioa oso ona da. Proposamenak ere baditu. «Interesgarria izango litzateke mendi tontorrera iristeko gehien erabiltzen den ibilbide edo bidea zein den jakitea», dio Fruiz herriko M. Rodríguez. Baztanekoak antzeko eskaera du: Igotzeko ruta ezberdinen deskripzioak eta mapetan markatuta, ruta bakoitzaren km-ak eta zailtasuna, eta txirrinduan igotzeko posibilitatea. Basterricak, berriz, umeentzat ere zuzenduta egotea gustatuko litzaioke. «Askotan aplikazioetan gauza bat botatzen dut falta: umeei zaletasun hau ezartzen laguntzea. Mendira joaterakoan erronka errazak eta txikiak jartzea komenigarria da, umeek joko bat bezala hartuko dezaten mendira joatearena. Hortaz, akuilu izan daitezkeen helburu txikiak gehituko nituzke». Dorronsorok, bere aldetik, beste mendizaleen iritziak ere aurkitzea gustatuko litzaiokeela adierazten du.

CodeSyntaxekoek iruzkin hauek guztiak kontuan hartzen dituzte. Ondorioz, hiruzpalau asteetan aterako den bertsioak aldaketak ekarriko ditu. «Lehenik eta behin, aplikazio erraza ateratzea zen, eta hortik aurrera, jendeak nola erabiltzen duen ikusiz, gehiketak egitea», aitortzen du Sarasketak. Buruan daukate ibilbideen informazioa eskuragarri jartzea; halere, hurrengo bertsioan egingo duten aldaketa nagusia beste erabiltzaileen profilak ikusi ahal izatea izango da. «Orain arte, bakoitzak bere informazioa baino ezin dezake azter, baina laster, datuak partekatu ahal izango dira».

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios