Borrar

Gerraostean

Sevillako gazte bat kartzelara joango da orain dela zazpi urte bizikleta bat lapurtzeagatik. Egun, sinesgaitza dirudi txirrinda batek horrenbeste garrantzia edukitzea

txani rodríguez

Viernes, 9 de octubre 2015, 00:49

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Gerraosteko Erroman, lan bat eskaini zioten Antoniori, langabezian zegoen gizon bati. Kartelak paretetan itsastea izango zen bere betebeharra, baina azaldu zioten horretarako ezinbestekoa zela bizikleta bat edukitzea. Ahalegin handiarekin bizikleta bat erosi zuen Antoniok, baina, zoritxarrez, laneko lehen egunean lapurtu zioten. Antoniok, bere semeaz lagunduta, bizikleta berreskuratzeko abenturari ekin zion. Hori da Vittorio de Sicak zuzendu zuen 'Ladri di bicilette' pelikularen abiapuntua. Oso hunkigarria da bidegabekerien eta estutasunen aurrean jartzen gaituen film hau.

Egun, autoen eta master garestien garaian, sinesgaitza dirudi bizikleta batek horrenbeste garrantzia edukitzea. Gure etorkizuna ez dago bizikleta xume baten menpean. Gainera, gerraostea urrun dago Europan eta ongizate-estatu batean bizi omen gara. Hori da teoria, behintzat. Baina, hala eta guztiz ere, bizikletak erabakitzaileak izan daitezke oraindik. Hori ondo asko daki Adrianek. Sevillar gazte hau kartzelara joango da orain dela zazpi urte bizikleta bat ostu zuelako. Adrian sukaldari dabil jatetxe batean. Bere emaztea langabezian dago. Bikoteak bi seme ditu.

Astakeria judiziala dirudi kasu honek, baina, badaezpada, begira dezagun orain Adrianen aurrekari penalei: gidatzeko baimenaren puntuak galdu zituen eta hamazortzi urterekin legez kontra lokalen batean sartzea leporatu zioten. Azken delitu horren irizpena indargabetu zen. Beraz eta laburbilduz, ez du ematen Adrian gizon arriskutsua denik. Orain bere kezka bakarra semeak aurrera ateratzea da.

Adrianen ezinegona irudikatzen dut, bere bizitza suntsituz doa eta ezer ezin egin. Gauetan insomnioa sumatzen diot, deserosotasuna izara artean: zenbait logelatan gerraosteak indarrean dirau.

Horiek gauza guztiak direla eta, itzul zaitez, Vittorio de Sica, eta esaguzu zeure bizikletaren istorio hori kontu ederra baina zaharra dela, esaguzu garai zoro hauek amesgaiztoak baino ez direla. Neorrealista zinen zu, lagundu gaitzazu errealitate berri bat eraikitzen, duguna gogorregia eta itsusiegia baita.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios