El Correo

Euskaldunen harrotasuna, pil-pilean

Ibilaldia Bilbora itzuliko da bihar.
Ibilaldia Bilbora itzuliko da bihar. / IGNACIO PÉREZ
  • 150.000 pertsona espero ditu bihar Ibilaldiak, euskararen aldeko festen goraldia eta urrezko aroaren eredu; baina Euskadiko biztanleen %70ak gaztelera bakarrik erabiltzen du

60.000 pertsona bildu zituen aurtengo Herri Urratsek duela bi aste, eta 150.000 espero ditu bihar Ibilaldiak Bilbon. Euskararen aldiko festa, ekitaldi eta jaialdiak modan daude ezbairik gabe, eta urrezko aro berri bat bizitzen ari direla dirudi. Hala diote behintzat jasotako datuek. Euskal zinemagintza eta Korrikaren arrakasta gehituz gero, gainera, euskararen goraldiaren atarian gaudela esan genezake. Gazteak dira batez ere ekitaldi hauetan protagonistak, eta beraiek dira euskal hizkuntza hedatzeko itxaropenik handiena. Izan ere, nahiz eta denek euskararen alde bat egiten duten, mintzairaren erabilera eta eboluzioa motel dabiltza oraindik.

Bihar Bilbora bueltatuko den Ibilaldiak arrakasta izango du ziur asko, baina urrats handiak eman behar dira oraindik euskararen garrantzia kalera eramateko. Ez da bakarrik jai-egun bateko arazoa. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), %70,4ak gaztelera bakarrik erabiltzen du, hauetako asko elebidunak badira ere. Hau da, euskara ezagutzen duen jendearen kopurua eta erabiltzen duenarena ez da batere proportzionala. Euskal biztanleriaren erdiak nahiko ondo ezagutzen du euskara, baina %20ak bakarrik erabiltzen du gazteleraren neurrian.

Baina hori ez da larriena. Datu horiek azaltzen ez dutena etxeko erabilera da. Izan ere, puntu bat behera egin du azken hogeitabost urteotan: % 21 da etxean euskara gaztelania beste edo gehiago erabiltzen duenak bakarrik. Hemen, beraz, euskararen gaitasunean hiru hamarkadotan gertatu den hazkunde jarraituak etxeko erabileran hazkunderik ekarri ez duela azpimarratzen da.

Euskarak heldu behar dituen helburuak lortzeko, hori bai, nahitaezkoak dira bihar bezalako festak. Gazteen artean euskal hizkuntza zabaltzeko ezinbestekoak dira, eta jai-giroan blaitzeak ere izugarri laguntzen du. Hori bai, eguneroko lana behar da euskara hitzetik hortzera Euskal Herria osoan erabil dadin. Horretarako, euskaldunek ikuspegia aldatu beharko dute. Hau da, "euskarak behar nau" pentsatzea ez da nahikoa, "euskara behar dut" esatea baizik.

Hori lortzeko, Herri Urrats, Kilometroak, Nafarroa Oinez, Araba Euskaraz eta bihar ospatuko den Ibilaldia funtsezkoak dira. Euskara sustatzeaz gain, xede sozialak ere betetzen baitituzte. Aurtengo edizioan, Harrobia ikastola antolatzailea laguntzea izango da helburuetako bat. Lehentasuna, hori bai, beti ere euskara delarik. Euskara bultzatu eta zabaltzeko ezinbestekoa baita "harro ibiltzea", biharko Ibilaldiaren leloak esaten duen moduan.