El Correo
Nondik jo

Nondik jo

  • ETAk eraildako bertako zinegotzi izandako hirurei Errenteriako Udalak aurreko astean eskainitako omenaldi benetako eta goxoak ahobatekotasuna lortu du, eredugarri izan delakoan

EH Bildun bada ETAren biktimenganako enpatia eta gertutasuna duenik, eta bere ibilbide politikoan zehar uneoro izan duenik. Eusko Alkartasunako kideek, esaterako, edo jatorria Ezker Batuan dutenek. Sektore itsu eta gor ortodoxoetatik bereiztu eta 1999-2000 urte arteko Batasuna prozesuaren ostean 2001eko ekainean Aralar sortu zutenek ere urrats hori orduan egin zuten, burkide izandakoen aldetik ordainetan adjektibo gordinak jasota. ‘Traidore’ izan zen entzun edo ormetan idatzita ikusi zuten finena; ia hamarkada bete beranduago, negoziaziorako beste aukera bat alperrik galdu ostean, euren inorako bidaia eta ETAren indarkeriaren aroa amaitutzat emango zutenetako askoren aldetik.

Azken urteotan Sortu da ezker abertzale haren bilgune, eta keinu kontrajarriak egin ditu ETAk eraildako ehundaka lagunenganako. Besteen samina aintzat ez hartzerakoan oker zebilela onartu du. Baita erakunde terroristak eragindakoetako asko sekula jazo behar izan ez zirela ere. Saiatu da biktima horienganako begirunea eta neurri bateko aitortza adierazten. Eta hori erabakigarria da bake prozesu deitutakoak maila sozialean aurrera egin dezan, zaurietako asko ixten joan daitezen. Aldi berean, baina, biktimarioak goraipatu ditu; eta ongi etorriak egin dizkie, nolabaiteko eredutzat jota. Ulertzekoa da barne hausturarik gerta ez dadin zenbait oreka nahitaez gorde behar izatea, sutsuenak ere azken urteotako ildora erakartzen saiatzea, baina ez dago behin ere sinesgarri izaterik hiltzaileak horien esku hil direnak baino gertuago sentitzen direnean.

Beharbada, horregatik izan dira arlo honetan proaktiboenak EH Bilduko gainerako kideak, oinarrizko horrelako kontraesanik izan ez eta giza eskubide ororen alde agertzea jatorri politikotik ezaugarri izan dutelako. Euskal gizartearen beraren antzera; irmo gaitzetsi dituelako beti urraketa guztiak, zetozen lekutik zetozela. Alde honetatik, ezker abertzalea oraintsu EH Bilduz jabetu izana bada kezkatzeko modukoa, aniztasunaren kaltetan doalako eta bakegintza sozial dei daitekeen horren alde egiteko koalizioan sentsibilitate ezberdinak hain ageriko izana lagungarri izan delako. Baita Sorturentzat ere.

Horregatik da hain garrantzitsua Errenterian jazotakoa, bertako alkate Julen Mendozak luzaroan jorratutakoa. Aurreko asteazkenean omenaldia egin zitzaien ETAk eraildako José Luis Caso, Manuel Zamarreño eta Vicente Gajate PP eta PSE-EEko zinegotzi izandakoei. Alderdi guztiek goraipatu dute ekitaldiaren benetakotasuna, alkatearen ausardia eta senitartekoei eskainitako goxotasuna. Aitzakiarik gabe, bihozberatasunetik. Mendozaren ekarpena sekulakoa izan da, aspalditik landutakoa denez gero biktimentzat eta eragile ororentzat guztiz sinesgarria delako. Sortuko askok badute hor ispilu bat, inspirazio bat. Errenterian, indarkeriaren urteetan girorik gaiztoenetakoa zegoen herrietako batean posible izan bada, beste edonon ere badelako. Horretarako iraganaren errepaso kritikoa eta autokritikoa egiteko gaitasuna dutenak behar dira, biktimengana giza maila sakonenetik hurbiltzeko gauza direnak. Eta Mendozak erakutsia du badakiela horrela jokatzen, gorrotoaren eta lepoa ematearen etengabeko dinamika antzua gainditzeko moduan sakontzen. Senitarteko edo ingurukoren bat galdu zutenek bizi arteko samina jasango dute, egunerokoa. Horrek, tamalez, ez dauka atzera bueltarik. Baina, gutxienez, euskal gizartearen berotasuna sentitu behar dute; eta, bakerako benetako bidea egitekotan, baita zorigaiztoko estrategia armatua neurriren batean babestu zutenena ere.

Egoera honetan, %87,2ko parte hartzearekin, ETAko presoen kolektiboan daudenetako %73,4k —221ek— onetsi dute euren zuzendaritzak proposatutako ildo berria, bide legal eta indibidualei baiezkoa ematekoa. Muga modura, «damutzea eta salatzea» jarri dituzte, ohi denez. Lehena norberaren kontzientziaren araberakoa da, jakina; baina badago zertaz damutu euskal herritargoaren gehiengo zabala aurka izan eta horrenbeste odol isuriarazi dutenen aldetik. Samina nonahi zabaltzea baizik ez dute lortu, giza eskubide oinarrizkoenen aurka ekinda, sekulako gordinkeriak burututa. Ez da harro egoteko moduko ibilbidea; eta, aro berriarekin bat etortzeko, gutxienez, eragindako minaren aitortza zor diete biktimei eta euskal gizarteari.

Egin beharrekoa «herriari atxikita» egin nahi dutela diote euren idatzian, herriaren ohiko ikusmolde erredukzionista eta baztertzailea baliatuta. Euskal gizartea hurbilketaren eta gaixorik larri dauden presoak askatzearen aldekoa da. Baina horraino. ETAren ibilbide bortitza eta preso horietako askok egindako ankerkeriak zeharo gaitzesten ditu, bete-betean.

Oraingo urratsa egin eta horrekiko erabateko koherentzia askoz lehenago azaldu duten presoek ezker abertzalearen mezpretxua jaso dute luzaroan. Urte askotako kartzelaldien ostean euren herrietan baztertuak eta isolatuak izan dira, gainerako presoen aldeko elkarretaratzeetan ere ez dituzte gura izan. Horrela jokatu dute disidentziarekin, egoera politikoaren azterketa askoz finagoa eta errealistagoa egiten zutenekin. Halaxe errespetatu dute besteen iritzia, baita euren lerro artean konpromiso maila altuena erakutsi dutenena ere. Baina, azkenean, ildo beretik jo behar izan dute, euren itsukeriak errealitatea gainditu ezin izango duela konturatu direnean.

Ezker abertzalea berandu heldu da leku guztietara. Negoziatzeko aukerak alperrik galdu zituen, bake prozesura ahidurak eraman zuen eta asko kostata egin du bat oinarrizko giza eskubideen defentsan gainerako eragileek beti argi izan dutenarekin. Ez dira errealitate sozialaren behatzaile finenak izan, eta horregatik egin dute porrot, premisa faltsuek bultzatuta ari zirelako behin eta berriz. Jazotakoak ez du bueltarik, baina inoiz ez da berandu borondate onez jokatzeko. Ez biktimengana hurbiltzeko, ez demokraziaren oinarrizko arauak guztiz ontzat hartzeko, ez giza eskubideak benetan aintzat hartzearen garrantziaz ohartzeko. Beti berandu ibili arren, euskal gizartea dute zain helmugan.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate