El Correo

Ohitura zaharrak

Ohitura zaharrak
  • Aurrekontuak babesteko EAJk PPrekin lortutako akordioak Sorturen eta honen ingurukoen erreakzio gordina eragin du. Hain izan da neurrigabe eta erasokorra iraganeko hainbat jokabideren ildo beretsukoa eman duela

Aro politiko berriak ez dira berez etortzen, aldaketa sakonen ondorioz baizik. Ezker abertzaleak egoki iritzi zionean aldarrikatu zuen halako jauzia, ETAren indarkeria bazter utzi eta bide politiko hutsak jorratzen hastekoa. Eta bere burua zuritzeko, bestelako baldintzen aipamenari eutsi zion; nahiz eta beste inork ikusten ez zituen. Urrats hori askoz aldekoago beste hainbat agertokitan egin ahal izan zuen, Lizarra-Garaziren garaian edo Zapaterorekin negoziatu zutenekoan esaterako, baina bietan uko egin zion bururaino joan eta ausardiaz jokatzeari. Azkenean, 2011n egin zuen ETArenak, bere borondatez barik behartuta, porrot operatibo, politiko eta sozialaren eraginez. Etorkizuna aurreikusi eta garaiz moldatzeko muturreko ezintasuna eta baldarkeria erakutsi ditu beti ezker abertzaleak bere osotasunean, garai batean estratega fintzat jotakoak itsu-itsuan aritu izan direlako, euskal herritarren gehiengo zabalaren borondateari muzin eginda.

Indarkeriaren zikloaren amaiera ez da, beraz, barne hausnarketa sakon baten ondoriozko kultura politiko berri baten eskutik heldu. Behar gordinenak jota ekin diote gaur egungoari, bietan barik bakarrean jarraitzeari. Eta hain luzaroko jokamoldeek, aurkaria etsai bihurtu eta ahal beste estutzekoak esaterako, sustraituegi diraute; dialektika demokratikoaren ordez tarteka jazarpenezko pultsioak ageri-agerian geratzeraino.

Hala jazo da egunotan, Espainiako aurrekontuak babesteko EAJk PPrekin izandako negoziazioaren ostean. Jeltzaleek euren aldeko egoera politikoa baliatu dute ahuleziak jotako Rajoyren gobernuarengandik hainbat lorpen jasotzeko. Euskal herritarren ongizatean oso onerako eragiten dutenak dira, ezagutu direnean bertoko eragile gehien-gehienen onespena jasotakoak. Bost diputaturi sekulako etekina atera die Andoni Ortuzarren alderdiak, asmo politiko soilak emaitza borobil bihurtuz. Eta hor erakutsi ditu hortzak Sortuk, hainbat sasiargudio goiburu hartuta. Baina negoziazio bat ez da maitasunezko istorioa, ezberdinek gutxieneko adostasunak lortzeko egiten duten saiakera baizik. Honakoan, gainera, EAJ fin aritu da, ‘Euskal agenda’ edukiz bete eta hainbat onura ahalbidetzeko.

Hainbat batzokik jasandako erasoak eta Sabin Etxearen aurrean ezker abertzaleko gazteek egindako eskratxea giroa tentsioz betetzeko saiakeraren adibideetakoak dira. Edo, egun gutxi beranduago, berberoriek Gipuzko Buru Batzarraren egoitzaren aurrean, buruak estalita eta ‘Zaborra zarete’ deiadar eginda, hondakinak jaurti eta pintadak egin izana. Kasuon, erraustegia izan da aitzakia; zaborren kudeaketaren inguruan EAJ bere programan jaso eta gipuzkoarrek babestutakoa betetzen ari dela ahaztuta edo. EH Bilduk Aldundia bere esku izan zuen bitartean egindakoari lepoa eman zieten nabarmen herrialde horretako biztanleek legealdia amaitutakoan, eta Sortuk hori irentsi ezinik jarraitzen du, nonbait.

Baina gertakizunok ez dira izan zenbait gazteren arduragabekeriaren eta jokabide antidemokratikoen ondoriozkoak bakarrik. Euren nagusien babesa jaso dute, eta horrek bestelako maila eman dio auziari. Dani Álvarez kazetari trebeak Radio Euskadin Arkaitz Rodríguez Sortuko bozeramaileari egindako elkarrizketan honek ‘eraso edo atentatu maila’ kendu nahi izan zien erasooi, “nahiz eta zenbait hedabideren azalak ikusita ia Alepon gaudela ematen duen”. Bere programa politikoa betetzen ahalegintzeagatik EAJri ‘zabor’ eta ‘mafioso’ deitzea eta bere egoitzak eskratxeatu eta erasotzea normala omen da, garai zaharretan zein berriotan. Inork ez luke esango jeltzaleekiko ezadostasunak ‘maila dialektiko soilean’ aurrez aurre jarri nahi dituztenik. Eta euren iragana aintzat hartuta, jokabide hauek bereziki kezkagarriak dira.

PPrekin negoziatzea txarresten du Sortuk, hainbat gairen inguruan Espainiako Gobernuarekin horrelako aukeraren bat izateko irrikan dagoenean. Hortik aurrera, beste inoren ustelkeria salatzerakoan irmotasunez eta sinesgarritasunez aritzeko, bere buruari ere erreparatu behar lioke ezker abertzaleak, luzaroan izan duen jardunbideak ez bailuke, preseski, ‘Transparency International’en azterketarik gaindituko. Ortzadarrez jantzi, aro berri bat aldarrikatu eta irribartsu agertu arren.

Honako guztiak ez dira edozein momentutan jazo, gainera. EH Bilduren eredua aldatu eta alderdien koalizio baino zerbait gehiago izateko bidean dagoenean gertatu dira. EAJren gaineko ‘sorpassoa’ gauzatzeko jaiotakoak porrot egin zuen horretan, bere esku izandako erakunderik handiena, Gipuzkoako Aldundia, kudeatzerakoan bezalaxe. Hala adierazi du herritarren borondateak, atez atekoan ez baina gainontzekoetan beti aldarrikatu duten horrek. Ez da harritzekoa, bada, EH Bilduren egokitze prozesua dela-eta EAko sektore bat kezkatuta agertzea, horrek Sorturen nagusitasuna eta kontrola areagotzea ekar dezakeelako. Batik bat Rodríguez eleduna Carlos Garaikoetxearen alderdiari hain arrotz eta urrutikoak zaizkion jokamoldeak etsi-etsian zuritzen saiatzen denean.

EAJ alderdi abertzale nagusia da, euskal herritarrek behin eta berriz hala erabakita, honen bidea onetsita. Bere eskutik erakundetu da Euskadi, autogobernua eta ongizatea parekatzeraino. Dagokion autonomia politikoaren ondoriozko jarduna koakzioaren bidez baldintzatu eta eragozten saiatzea demokraziaren oinarrizko arauen aurka bete-betean jotzea da, Euskal Herriko azken urteotako dinamika berrien erabat kontrakoa. Azken asteotakoak guztiz gainditu gabeko inertzien eta gorrotoaren araberako ekinbideetan oinarritutako kultura politiko baten erreplikak dira, horren ondorioz gaitzesgarri izateaz gain bestelako esangura dutenak, iraganeko antzeko beste hainbat gogora ekartzen dituztenak. Euskadi ez da Alepo, zorionez, baina askok giza bizitzarekiko eta ezberdin pentsatzen dutenenganako mespretxu berbera erakutsi dute luzaroan hemen ere. Eta, antza denez, oraindik badira ikasitakotik, irakatsi dietenetik, elikatzen direnak.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate