El Correo

Egonkortasunaren balioa

Iñigo Urkullu eta Alfonso Alonso Legebiltzarrean.
Iñigo Urkullu eta Alfonso Alonso Legebiltzarrean. / EFE
  • Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuek Legebiltzarraren oniritzia lortuko dute, PPren abstentzioa hitzartu ondoren. Askotariko akordioen sasoi politikoaren isla da honakoa, mamizko egonkortasunak ekonomiaren susperraldian laguntzekoa kasuon

Gobernu ororen ardura da politika publikoak eraginkortasunez kudeatzea, horien onurak herritar guztiei helaraztea. Biko Jaurlaritzak 37 legebiltzarkideren babesa du, eta baten falta dago gehiengo osoa izateko. Beraz, gutxienez oposizioko alderdiren batekin hitzartzea dagokio, horren baiezkoarekin ala abstentzioarekin legeak onartu ahal izateko. Eta aurrekontuena urteroko desafio garrantzitsuenetakoa da, exekutiboaren beraren bideragarritasuna eta programan daramana egiteko gaitasuna neurtzen dituena. EAJk eta PSE-EEk osatzen dutena erdigunetik ari da lanean, alde batera eta bestera begiratuta akordioak lortzeko ahaleginean, ekonomia suspertu gura eta sentsibilitate soziala ikurtzat hartuta. Horregatik jakinarazi zuen hasieratik elkarrizketarako bere borondatea, prest zegoenarekin edo zeudenekin aurrekontuak hitzartzekoa. Azkenean, PPrekin baino ez da izan posible, batik bat EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek euren buruak baztertu dituztelako.

Edukiek barik taktizismoak erabakitzen ditu askotan batzuen eta besteen jarrerak. Hala jazo zaio koalizio subiranistari, abiapuntuan akordiorako ahalegina bururaino eramateko prest zegoela adierazi eta gero atzera egin zuelako. Bigarren bilera errondaren ostean jasotako proposamenari ez erantzutea erabaki izanak adierazten du borondate politiko falta hori, beharbada zenbait sindikaturen aldetik jasandako presioaren eraginezkoa. Zilegizkoa da, noski, marra gorriak gertuago edo urrunago jartzea, baten zein bestearen ohartarazpenen aurrean men egitea, baina herritarrek erabaki hain garrantzitsuen benetako zergatiak ezagutzeko eskubidea ere badute, halamoduzko azalpenen makilaiarekin benetan jazotakoa estali beharrean. Elkarrekin Podemosek, aldiz, ezer ez lortzeko dena eskatzeari ekin dio, egoera ekonomikoarekin bateraezin direnak mahai gainean jartzeari, eurei esker beste hainbat erkidegotan gobernatzen ari direnei jatorrizko babesa emateko ezinbesteko iritzi gabekoak honakoan aldarrikatzeari. Batzuek zein besteek PPren aukera baino ez diote utzi nahi izan Jaurlaritzari, gero akordio horren irudiak nolabaiteko lerrokatzea islatzen duela salatzeko. Aurrekontuen mamiak, baina, lotsagarri uzten ditu aurreiritzi eta goiburu asko. Gastu finkoez aparteko %76 arlo sozialera bideratuko da, hezkuntzara, osasungintzara edo ahulenei babesa ematera, ekonomia zein enplegua lehentasuntzat hartuta. Laburbilduta, euskal herritarren gehiengoak babestutako gobernu programa bururaino eramatera.

Ez da harritzekoa aurrekontuen nondik norakoak auzitan jarri ez eta lorpen handirik jaso barik PP bere abstentzioarekin horien onarpena errazteko prest agertu izana. Zera diote datuek: 11.059 milioi eurokoak dira 2017rako kontu publikoak, iazkoak baino %1,2 gehiagokoak, eta popularren zuzenketak, asko jota, 29 milioikoak. Hau da, orotako kopuruaren %0,25eko eragina izango dute, ekonomia sustatzeko eta familiei laguntzeko zenbait neurri baitira hitzartu diren horiek. Argi dago, beraz, PPk egin duen urrats horren zergatiak ez daudela EAEko aurrekontuekin bereziki lotuta, beste zerbaiten bila ari direla. Eta bi izan litezke bere prestutasuna azal dezaketen arrazoi nagusiak. Batetik, euskal politikagintzan eragiteko moduko pisuzko eremuren bat bilatzen saiatzea. Aspaldion emaitza ia ezin txarragoak lortu dituzte euskal popularrek hauteskunde guztietan. Iraileko bozetako 9 legebiltzarkideek adierazten dute zein egoeratan dauden. Azken momentuan EAJk EH Bilduren mesedetan galdutako ordezkariak baino ez zien eman arnasa politiko apur bat, gairen batzutan Jaurlaritzaren gehiengoa osatzeko baliagarri izateko aukerak. Eta aurrekontuei dagokienez, euren eragiteko gaitasuna erakutsi dutela aldarrikatu dute buruzagi popularrek behin eta berriz, oso mugatua dela jakin arren.

Bigarren helburu bat ere izan du PPk aurrekontuen onarpena ahalbidetuta, Espainiari begirakoa. Ahul dago Kongresuan Rajoy, hainbat lege onartu ezinean. Atzo bertan, egunkari bati eskainitako elkarrizketan, hauteskundeak aurreratuko ez dituela nabarmendu zuen arren, ikustear dago bere hitza beteko ote duen. Inkestak alde izanez gero, tentazioa handiegia izan lekioke. Dena den, oraingoz daukanarekin jo behar du aurrera, eta bereziki baliotsua zaio EAJrekin akordioak ahalbidetzeko giroa edukiz betetzea. Abiadura Handiko Trenarena eta Hegoaldeko Trenbide Barianteari buruzkoa dira horren erakusgarri, eta ETAren armagabetzearen eta presoen hurbiletaren inguruan ere badago zerbait aldatzen has daitekeela adierazteko zantzurik. Espainiako aurrekontuen onarpenerako balizko babesa horien edukiarekin lotuta egongo den arren, jeltzaleenganako keinuak lagungarri izan dakizkioke Rajoyri, eta horretan ari da. Gehiengo osoko lau urteetako harrokeriaren ostean, gaur egungo estuasunek behartuta ari da PP, eta EAJren bost diputatuek balio handia dute batuketak egiterakoan.

Euskadik aurrekontuak izateak mesede egingo dio bertoko gizarteari. Egonkortasuna bermatzen duelako, bai; baina ez edozelangoa, emaitza onak ematen dituzten politiketan oinarritutakoa baizik. Iaz Barne Produktu Gordina %3,1 hazi zen, aurreko urtean baino bi hamarreneko gehiago eta 2014an halako bi. Horri esker, zortzi urte eta gero, adierazle horrek krisi aurreko maila dauka berriz. Langabeziaren aurkako borrokan ere urratsak egiten ari dira, eta %12,5ean dagoena legealdion %10etik behera eramateko helburua egingarria da. Kritikak zilegizkoak dira politikan, jakina, eta beti egongo da zer egin, zer osatu, zer hobetu. Baina egindakoa oparoa izan dela hain nabarmena denean, oposizio itxienean dauden eragileak bihurrikerietan ibili behar izaten dira zenbait jarrera azaltzen saiatzeko.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate