El Correo

Ordezkari izan

Ordezkari izan
  • Carlos Urquijo kargugabetu dute, eta Javier de Andrés da Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari berria. Lan handia egin beharko du Eusko Jaurlaritzarekin harremanak normaltzeko, behingoan euskal gizartearen nortasun politiko berezitua aintzat hartzeko

Gehienetan politikan ez da bidezkoa izaten kritikak ‘ad hominem’ egitea, arduradun oro egitura bateko zatietako bat baino ez den neurrian. Carlos Urquijo Rajoyren gobernuak izendatu zuen, bere ezaugarriak ondo ezagututa eta, beharbada, horiengatik. 2004an urtarriletik apirilera bitartean izan zuen ardura bera, Enrique Villarren ostean. Urte hartako martxoaren 11ko atentatu odoltsuen ostean Zapatero gailendu zen hauteskunde orokorretan, eta Urquijoren etapa zeharo murriztu zuen horrek. Arabar politikariaren jokamoldea guztiz bat zetorren Aznarren sasoi hartakoarekin, eta baita oraingoarekin ere. Ez horrenbeste moderatuago agertu nahian dabilen egungo presidentearenarekin, nahiz eta honek aspaldi bateko ardura bera eman zion boterea eskuratutakoan. Zortzi urte lehenagokoaren ordain gisa agian. Baina ez bakarrik horregatik. Urquijoren izendapena esanahi zehatzekoa izan zen, Jaurlaritzarekin zorrotz jokatu nahi eta zubi lanean gehiegi sinesten ez duenarena. Izan ere, Rajoy da, presidente legez, erkidego autonomoei begirako politika erabakitzen duena, ez duela gutxira arte bere ordezkari izandakoa. Alde horretatik, Urquijo etapa baten sinbolo da, behin eta berriz Madrilgo Gobernuak bertokoari lepoa eman zionekoa.

Gehiengo osoa galduta, Rajoy elkarrizketaren aldeko modura agertzen da orain. Baina behar izan ez duenean bestelako aurpegia erakutsi du, aurkari politikoa baztertzeko joera duenarena. Hori bereziki nabarmena izan da Eusko Jaurlaritzarekiko harremanean. Helegiteen bitartezko erantzunak baino ez ditu jaso Gasteizek sasoi horretan, politikoki ahalik eta urrunen kokatu nahi zuenaren aldetik. Ez dira bertotik helarazitako proposamenak aintzat hartu, bereziki bakegintzarekin eta normalizazioarekin lotutako edozertan. Euskadirekin zerikusia zutenak bigarren maila batean jarri ditu Rajoyk presidente denez geroztik, eta Urquijo estrategia horren pieza garrantzitsuenetakoa izan da. Bereziki aproposa, gainera.

Ez da harritzekoa aro horretan EAEko PP herritarren babesari dagokionez inoizko txarrenera heldu izana, alderdi horrek eta bere Gobernuak izan duten jokaera kontuan izanda. Gehiengo politiko eta nortasun nazional propioak dituzten erkidegoei begira bereziki zuhur eta lankidetzarako prest jokatu beharko luke aniztasuna aintzat hartzen duen edozeinek, baina popularrek ez dute horrelakorik egin Euskadiri dagokionean. Urkullu lehendakariaren eta bere alderdiaren proposamenak eta iradokizunak babes zabalekoak izan dira beti, muturrekoetatik oso urrunekoak. Baina horiei ere muzin egin zaie, eztabaida politiko sakonik gabe, elkar gerturatzeko saiakera barik, euskal gizartearen gehiengoaren borondatea baztertuta.

Horregatik dira zalantzan jartzeko modukoak orain egiten diren elkarrizketarako eskaintzak, iragana oso argigarria izan delako, eta helegiteek eta bestelako trabek etenik izan ez dutelako. Bere langileen ordutegia erabakitzeko eskumena ere ukatu zaio Jaurlaritzari, beste askorekin batera. Kontu mamitsuak dira auzitan daudenak, Ertzaintzarena esaterako. Eta, bestelakoetan ere, Urquijo ez da nabarmendu euskararen aldeko gutxieneko enpatia agertzeagatik, bere sustapenaren alde egiteagatik, guztiz aurkakoagatik baizik. Bertoko hizkuntza koofizialetakoa deus ezagutu eta baliatu ez, eta horren zabalkundea “inposizioarekin” lotu du behin eta berriz. Hortik abiatutakoa ez da ekarpen positiboa, ez orekatua. Eta arduradun publiko batek bat egiten lagundu behar du ahal duen neurrian, ordezkari legez hartzen duen gizarteak babesten dituen politikei modu zakarrenean aurre egin beharrean. Alde horretatik, ez da harritzekoa euskal erakundeek Urquijoren agurrean inolako aitortzarik egin ez izana, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza gotorleku bihurtu gura izan duelako, bertoko gehiengoak aintzat hartu ez eta elkar hurbiltzeko saiakerak egin ordez jarrera gogorrenei eutsi dielako, euskal gizartean gaur egun ia hutsaren hurrengo direnei hain zuzen.

Agertoki honetan, Javier de Andrés-ek irudi irribartsuagoa baino askoz gehiago eskaini beharko du. EAJk aspaldi jarri zuen Euskal Agenda mahai gainean, eta alde bien lankidetzaren alorrean dena dago egiteke. Ezarritako helegiteen inguruan zer esanik ez, baina baita beste hainbat kontutan ere. Garrantzitsuenetakoak, ziurrenik, autogobernuarekin, bakegintzarekin eta Abiadura Handiko Trenarekin zerikusia dutenak izango dira, horietan elkarrizketa eta akordioa premiazkoak direlako. Arabako Ahaldun Nagusi izandakoak ondo ezagutzen ditu bertoko egitura instituzionala eta errealitate soziala, eta horien araberako jokabidea da eskatzen zaiona. Giltza, baina, Rajoyk dauka beste behin. Bera da bestelako dinamikei ekin behar diena, sakoneko gaiei heltzeko borondatea eta ahalmena erakutsi behar dituena. Eta Gobernuko presidentea ez da bereziki iaioa horretan. Ahalegin guztiak eta bi egingo ditu orain arteko ahalegin txikieneko politikari eusteko, eta horretarako behar dituen aliatuak pilatzeko. Baina Euskadik erantzun propioak behar ditu. Horixe eskatzen diote PP ez diren beste euskal alderdi guztiek. Bertoko berezitasunak behar beste aintzat ez hartzeak, autogobernua murrizten saiatzeak, aldebikotasuna gutxiesteak, euskal gizartean ez dauden eztabaidetan muturreko agertzeak eta antzekoek atzeraezinezko izan daitezkeen urruntze prozesuak baizik ez dituzte ekarriko. Joan eta heldu diren Gobernuaren ordezkariek zein euren buru politiko direnek oso gogoan izan beharko lukete. Aldioro.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate