El Correo

Etorkizun bila

Etorkizun bila
/ EFE
  • Konstituzioaren erreformak Estatuaren lurralde antolaketa fintzeko balio behar lukeela eta, Espainiako alderdi politiko nagusiak eredu zehatzak aukeratzen eta lantzen ari dira negoziazioari ekin aurretik. Akordioak luze joko du

Alderdi Popularra ezik, gainerako indar politikoak aspalditik datoz bat 1978ko Konstituzioak erreforma baten beharra duela adierazterakoan. Azkenaldian, alderdien agertokian jazotako gorabeheren eta Kataluniako egoeraren ondorioz, PP bera ere hasi da aldaketez hitz egiten, ahalik eta gehien mugatu nahi dituen arren. Espainian ohikoan Konstituzioek ez dute asko iraun, kutsu aurrerakoia izan zezaketenek batik bat. Indarrean dagoenak frankismoaren amaierako arazoetako askori heldu zien, garaiko egoera aintzat hartuta, eta alde izan zituen orduko eragile nagusienak: UCD, PSOE, PCE eta CiU, besteak beste. APk ez zuen aldeko aldarrikapenik egin, artikuluetako zenbaitekin ados ez zegoelako. Urte hartako abenduaren 6an botoemaileen %87k eman zion babesa testuari, zentsoaren %59k. Euskal Herrian, aldiz, EAJk abstentziora jo zuen, eta HBk ezezkora. Hemen jeltzaleen jokaera izan zen nagusi, %54,9k hartu baitzuen bide hori. Orotara, Euskal Autonomia Erkidegoan, boza emateko eskubidea zuten 1.552.737 herritarren artetik 479.205 izan ziren alde egin zutenak, zentsoaren %30 inguru. Egoera horrek osteko guztiak baldintzatu ditu, gaur egunera arte.

Landu zen sasoiko fruitua da Konstituzioa, diktadura luze batetik irten guran eta aurreko etapako hainbat botere faktiko indargabetzekotan zebilen gizarteari zegokiona. Orduko girotik baino ezin da interpretatu eta aztertu, eta horrek hainbat zama astun atxiki dizkio. Egia da bere potentzialtasuna ez dela erabat baliatu arlo askotan, eta euskal auziari beste fase batean irtenbideak bilatzeari dagokionez badituela puntu interesgarriak, eskubide historikoei buruzkoa eta EAE eta Nafarroa erkidego autonomo bakarrean biltzeko aukera ematen duena, adibidez. Horiek joko politiko handia eman lezakete egunen batean, bertoko gizarteak ezarritako erritmopeko egokitzapena ahalbidetzeko.

Lurralde egitura antolatzeari dagokionez, nazionalitateen eta erregioen arteko bereizketa zentzuzkoa izan zen, sentitzeko modu eta errealitate politiko zein etorkizunera begirako helburu ezberdinak islatzen baitzituen. Baina 1981eko estatu-kolpe saiakerak, ondorengo LOAPAk eta deszentralizazioa benetan eskatzen zutenak mapa autonomikoaren arruntasunean bateratzeko ahaleginek okerreko bidetik eraman dute prozesua geroztik, Estatuaren baitako nazioei zegokien aitortza maila ukatu baitzaie askotan. Gainera, bereizgarri ziren funtsezko elementuetako batzuk kolokan jarri dira azken urteotan zenbait alderdiren aldetik, UPyD edo Ciudadanos esaterako, baina babes oso mugatukoak diren bi horietatik askoz urrunago doa autonomia maila ezberdina pribilegioekin parekatu gura dutenen indarra. Horrek eztabaida guztiz pozoindu du, demagogia erruz baliatu ostean.

Katalunian datorren hilaren 27an egitekoak diren hauteskundeetan ezin gordinago nabarmenduko da dinamika horren orain artekoak nora daraman. Bertako Estatutua aldatzeko saiakerak estatu ereduaren mugak jarri zituen begibistan, Auzitegi Konstituzionalaren eskutik. PPk gogor astindu zuen egitasmo hura, bere osotasunean eta ñabardurarik gabe, baina, ulergaitza den arren, gero bere esku zituen erkidego autonomoetako askotan horietako Estatutuen erreformak bultzatu zituen, Kataluniakotik hainbat artikulu bereganatu eta gero. Agian 'Junts pel Sí' koalizioaren independentzia asmoek ez dute aurrera egingo, lortutako babesak baldintzatuko baititu ondorengo urratsak, baina hori bezain egiazkoa da Konstituzioaren erreforma ekidinezina dela, besteak beste hainbat arlotan Kataluniari orain artekoa baino aitortza efektibo handiagoa eskaintzeko.

Espainian ez da pedagogiarik egin nazioaniztasuna ulertarazi eta barneratzeko, eta hainbat buruzagi politikok praktikan horri uko eginda jardun dute. Beste asko errealitate hori desitxuratzen saiatu dira, euskal eta kataluniar nazionalistak, eta horiei hurbiltzen zaizkienak, besterik gabe pribilegioen aldeko zatikatzailetzat joz. Haatik, bi nazioetako agintarien aldarrikapenak hori baino askoz sakonagoak eta mamitsuagoak dira, eta elkartasunaren ikurrari eusten diote. Ona da 1978ko girotik oso urrunekoan arazoari behingoz heltzea eta orain arteko esperientzian oinarritutako hobekuntzak mahaigaineratzea. Alderdi politiko bakoitzak bere lurralde eredua landu eta gizarteratu behar du, Konstituzioa etorkizunera begirako tresna izatekotan. Senatua egokitzea ez da nahikoa, inondik inora. Askoz ausartagoa izan behar du aldaketak, Estatuaren izaera anitzari behingoz sakontasunez erantzutekoa. PPk ezingo dio luzaroan egungo egoerari eutsi, eta eztabaidan murgildu beharko du, nahitaez. Sozialistei, aldiz, eredu federalista askoz gehiago zehaztea dagokie. Dena den, berezko dituzten hainbat ezaugarritan nazioei aparteko aitortza maila eskaintzen ez zaien artean orain arteko gabeziak nagusituko dira ezinbestean. Estatua bideragarri egin nahi dutenek aldaketara jo beharko dute, berandu baino lehen. Katalunian jazotzen denak islatuko du prozesu honek eman dezakeenaren neurria. Hilabete eta erdi falta da talka horretatik zer etor daitekeen ikusten hasteko, baina jada ezin argiago dago orain artekoak berea eman duela.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate