Borrar
Julen Kasatorre.
«Atsedenaldi laburra dugu, eta ia ez dugu oporrik. Dena den, pena merezi du»

«Atsedenaldi laburra dugu, eta ia ez dugu oporrik. Dena den, pena merezi du»

Badira lau urte Julen Karasatorrek Agurainen Idiazabal jatorrizko deiturako June gaztandegia sortu zuenetik. Iaz Munduko Txapelketan saritua izan ostean, Estatu mailako artisau gazta azoka garrantzitsuenean, Lactium Vic-en, brontzezko saria irabazi berri du

marta goikoetxea

Domingo, 27 de marzo 2016, 01:09

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Julen Karasatorrek lanean ematen dituen orduak zenbatezinak dira. Duela lau urte, 23 zituelarik, Idiazabal jatorrizko deiturako June gaztandegia sortu zuen Agurainen eta sektorearen gailurrera ailegatu da dagoeneko. Iaz Munduko Txapelketan brontzezko saria irabazi zuen Birminghamen eta oraintsu Estatu mailako artisau gazta azoka garrantzitsuenean, Lactium Vic-en, berriz ere hirugarren postua lortu du.

Ez da meritu makala izan. Katalunia, Galizia, Gaztela eta Leon, Andaluzia eta Euskal Herriko hainbat artisau ekoizleen artean gailentzea lortu zuen Bartzelonan pasa den asteburuko lehiaketan. «Hasiera batean sinesgaitza iruditu zitzaidan. Ez nuen espero hainbeste parte-hartzaile ezta hain maila altua duen ekitaldian saritua izatea. Egia esan, sorpresa itzela izan da eta poz handia hartu dut», aitortu du Karasatorrek.

Lan nekagarria izan arren, fruituak ematen ditu. Aguraingo gazta ekoizleak argi du sari honek duen garrantzia. Izan ere, «aurrera jarraitzeko motibazioa» ematen dio. Norberaren bizimodua guztiz baldintzatzen duen lanbidea aukeratu du gazte honek. Beraz, egiten duen «ahalegin, ilusio eta ondo egindako lan gogorraren kanpoko esker ona jasotzea pozgarria da».

Dena den, lan karga izugarria «ilusioz eta gogotsu» egiten du bere bikotearen eta lagunen artean. «Lanbide hau maite behar duzu. Eguneroko jarduera da azken finean. Egun osoa ematen duzu hemendik hara eta handik hona, lan gogorra da. Gure bizitokia gure lantokia dugu. Egia esan, atsedenaldi gutxi ditugu eta ia oporrik ez. Baina merezi du», adierazi du ekoizleak.

Artisau lan honetan antolakuntza ezinbestekoa da. Eguna argitu aurretik, goizeko sei eta erdiak aldera, ardiak jezten dituzte. Julen Karasatorrek, artzainen artean ohi den moduan, ez du zehazten zenbat ardi dituen. «Asko» esatearekin nahikoa da lanaren tamainaz jabetzeko. Esnea jaso ostean, tratatu behar dute gazta egiteko. Arratsaldez, hamabi ordu igaro ondoren, gauza bera egin behar dute. Eta horrela, egunero.

«Eskaera gora doa»

Badira lau urte Nieves Pérez izeneko Aguraingo ekoizlearen lekukoa hartu zuenetik. «Euskal Herriko lehenengo gaztandegia sortu zuen Nievesek. Erretiroa hartzeko unea heldu zitzaion. Garai hartan harategian egiten nuen lan eta nire lagun batzuk gazta ekoizleak zirela aintzat harturik, jakinmina eragin zidan eta ikasteari ekin nion», gogoratu du.

Gaztandegiaz aparte, harategi bat du Agurainen eta bertan baserrian ekoiztutako produktuak saltzen ditu. «Gazta ekoizpenetik bizi daiteke. Gu, egia esan, ezin gara kexatu. Eskaera gora doa eta gero eta gehiago ekoizten dugu. Ondo eginez gero eta produkturen gain-gainean egonez gero, salneurri egokiarekin defendatu daiteke», baieztatu du.

Beraien datuak horren adierazle dira. Aurten 18.000 kilo gazta ekoizteko aurreikuspena dute, «inoiz baino gehiago» eta etorkizuna «baikorra» da. Emaitzak lortzeko zenbait hobekuntza egin dute. «Esnearen analisiak zorrozki betetzen ditugu eta iazko proben kopurua bikoiztu egin dugu, ezustekorik gerta ez dadin. Higiene neurriak ezinbestekoak dira», azaldu du. Agerian dago zein den bere gazta onaren sekretua: «esne ona biltzen dugu, gazta egiteko pausoak jarraitzeko ditugu eta asko zaintzen dugu produktua».

Sektorearen etorkizuna ez da beraien egoera bezain baikorra. Esan duenez, gazteek ez dute lekukoa hartzen. «Egoera ez da oso ona. Gazteentzako diru-laguntza ugari egoteak zerbait faltatzen dela adierazten du. Horrez gainera, gazte gutxi dira lanbide honetan dihardutenak», ziurtatu du.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios