Oinezkoen hiriak

Oinezkoen hiriak

Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Hiri eredua nabarmen aldatu da azken urteotan. Ibilgailuak erdigunean barru-barruraino sartu ahal izatetik, oinezkoentzat askoz atseginagoa den antolatzeko beste modu bati egin zaio bide astiro-astiro. Hala, hainbat eremu jarri dira berriz horien esku. Eta joera horrek luzarorako behar luke, hiria askoz bizigarriago egiten duelako, mota guztietako ibilgailuek aspalditxo eurenganatutakoei bestelako erabilerak zor zitzaizkielako.

Aurrerabide kontzeptua bera behin eta berriz ari da berrikusten, pertsonen tamainakoa izan dadin, horien beharrizanetara egokitzeko. Hobera egitekotan edo, alde askotatik jasangarri ez direnak bultzatu izan direlako, gizakia ia irensterainokoak. Itogarri bihurtzen hasitakoa arindu eta neurrizko paradigmetara jotzeko sasoia da, gizanabakoak izan behar baitu hazkundearen ardatza, eta ez horren morroia. Oreka da aurreratu direnen ezaugarria, nolabaiteko harmonia.

Hirietan, oinezkoen eta ibilgailuen arteko harremana gatazkatsua izan da beti. Espazioa mugatua den aldetik, jakina; eta, besteak beste, istripuei zein osasun arazoei lotutakoei dagokienez. Bilboko zenbait datu argigarriak dira, esaterako. Aurton, 34.000tik gora trafiko salaketa jarri dira, horietatik 179 oinezkoen eta monopatinen erabiltzaileen aurkakoak. Eta, Udaltzaingoaren arabera, 108 lagun jo dituzte ibilgailuek hiriburuko kaleetan abuztura arte. Iaz, 183.

Oso aintzat hartzeko arazoaren isla dira zenbaki gordinok. Gehien-gehienetan, gurpil gainean doanaren arduragabekeria erakusten dutenak. Inbaditzaileak direlako zeharo, eta oinez doana behar beste ez errespetatzeko joera dutelako. Arauak zintzo betetzea bi aldeei dagokien arren, bere gorputza ez den beste babesik gabekoak beti pilatuko du arrisku gehiago.

Hiriak humanizatzekotan, egungo zulo beltzetatik askatzekotan, ibilgailu pilaketa amaitezinen ordez kalitatezko garraiobide publiko jasangarriak nagusitu beharko dira. Oinezkoari dagokiona itzultzeko eta orotariko bizi-kalitatean sakontzeko. Kutsadura, zarata eta bestelako hainbat arrisku ez direlako dagoeneko punta-puntako izatearen ezaugarri, guztiz bestelakoarena baizik. Bertoko hiri eta herrietan asko ari da horretan aurreratzen, baina oraindik badago zer egin. Erronka horri ondo heldu zaio aspaldion. Azkeneraino ekitea falta da.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos