El Correo

Potentzia elektrikoak doitzeko optimizagailu bat garatu dute Eroskik eta EHUk

  • Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematika Aplikatua, Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa Sailak eta Eroski Taldearen Garapen Saileko Energia eremuak elkarlanean sorturiko metodo bat erabili dute tresna garatzeko

Eroski kooperatibak eta Euskal Herriko Unibertsitateak potentzia elektrikoak egokitzeko optimizagailu bat garatu dute elkarrekin. Gaur egun, Eroskik tresna hori erabiltzen du bere denden sareko potentzia elektrikoak doitzeko.

EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematika Aplikatua, Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa Sailak eta Eroski Taldearen Garapen Saileko Energia eremuak elkarlanean sorturiko metodo bat erabili dute tresna garatzeko. Metodo horrek bide ematen du zentro bakoitzean zenbateko potentzia elektriko optimoa kontratatu behar den kalkulatzeko.

Bi urteko ikerketa proiektu batean garatutako metodoari esker, Espainiako Estatuko behe eta goi tentsioko tarifetan kontratatu beharreko potentzia optimiza daiteke, urte oso batean hornitutako potentzia errealetan oinarrituta. Metodo horrekin sortu den softwarearen bidez, tarifa aldi bakoitzean zenbateko potentzia kontratatu behar den kalkula daiteke, urtebeteren buruan ahalik eta zenbateko txikiena ordain dadin kontzeptu horren truke.

Eroskik jakinarazi duenez, Ingurumen Iraunkortasunerako 2013-2016 aldirako Planak garrantzi handia eman dio energia eraginkortasunaren atalari, eta lanerako hainbat lerro jaso ditu, besteak beste, potentzia elektrikoak doitzeko optimizagailua garatzea. Hala, azken lau urteetan, Eroskik zazpi milioi eurotik gora aurreztu ahal izan du argindar gastuetan, energia eraginkortasunaren aldeko neurriei esker.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate