El Correo

Euskadiko industrialdeek bikaintasun eta lehiakortasun bereizgarri bat eskuratu ahal izango dute

  • Proiektu pilotuak Euskadi, Katalunia, Galizia, Extremadura, Madril, Valentzia eta Balear Uharteetako hamar industrialde aztertuko ditu

Euskal Autonomia Erkidegoko industrialdeek bikaintasun eta lehiakortasun bereizgarri bat izango dute, enpresa guneen zaintzaren inguruko gaietan sentsibilizatzeko eta mantenimendu eta zerbitzu maila identifikatu eta sailkatzeko helburuarekin. Proiektu pilotuak Euskadi, Katalunia, Galizia, Extremadura, Madril, Valentzia eta Balear Uharteetako hamar industrialde aztertuko ditu, bikainenak sarituko ditu eta haietan kokatzen diren jardueren lehiakortasuna sustatuko du.

Enpresa guneen kalitate marka indartzeko ekimena CEPE Espainiako Enpresa Industrialdeen Koordinakundeak abiarazi du, eta Sprilur euskal sozietate publikoak bere zuzendaritza batzordeko kide modura parte hartuko du. CEPEko bazkideek egindako «gogoeta sakon batetik sortu da ekimen hori», iruditzen baitzaie «ezinbestekoa» dela enpresa guneetan egiaztapen marka izatea, Sprilurreko iturriek adierazi dutenez.

Modu honetan, Euskadiko industrialdeek «bandera urdina» bezalako egiaztagiri bat eskuratu ahal izango dute euren kalitatea saritu eta bereizteko. Ziurtagiri horrek baloratu eta baliozkotuko du azpiegituren, zerbitzuen eta inguruan dituzten beste aldagai batzuen kalitatea.

Ekimenaren bidez gutxiengo prestazio eta kalitateak izatea saritu eta egiaztatuko da hainbat arlotan, hala nola zerbitzu eta azpiegituretan (argiztapena, aparkalekuak, telekomunikazioak), oinarrizko zerbitzuen kudeaketa eta horniduretan (argindarra, gasa, ur sareak), enpresa gunearen kudeaketan, enpresei ematen zaizkien zerbitzuetan (zaintza, prestakuntza, teknologien modernizazioa, laneko eta etxeko bizitzak bateratzea), mugikortasun eta garraioan, gizartearen edota ingurunearen eraginean. Gaitasun eta mantenimendu mailak baliozkotuko dira guztietan.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate