El Correo

nazioarteko futbola

Amesgaiztoa Lombardian

Rodrigo Palacio Interreko aurrelaria.
Rodrigo Palacio Interreko aurrelaria. / Afp
  • Iraganeko distira galdu dute Interrek eta Milanek aurten, lider handirik gabe eta Europako postuetatik urrunegi daudelarik

Baten batek nostalgia sentituko du Italiako futbol sailkapena begiratzean. Batez ere Juventus lidergoan hain eroso ikustean, Roma, gertuen duen aurkaria, 14 puntura duelarik. Baina arraroena, agian, Lombardiako bi talde nagusiak hain hondoratuta aurkitzea da. 2010ean hiru titulu handiak eskuratu ostean, sekulako gainbehera jasan du Interrek, eta gaur, Europa Leaguetik kanpo, hamargarren da sailkapenean, kontinenteko postuak hamar puntura dituelarik. Otsailaren 23an lortu zuen azken garaipena, Cagliariren aurka, eta bere jokoak noraezean dihardu. Milanek puntu bateko abaintaila besterik ez du bere bizilagunekiko, baina okerragoa da beharbada bere aldagelan erreferentzia handirik ez izatea.

Belaunaldi bakoitzean kapitain handirenbat izan du San Siroko taldeak. Cesare Maldini, Gianni Rivera, Franco Baresi eta Paolo Maldini, hain zuzen ere. Hala adierazten du gainera Baresik berak. "Aldageletara iristean eta horietako jokalari bat ikustean, edonork ulertzen zuen zein zen taldearen nortasuna eta zergatik irabazten zuen", adierazi zuen Italiako futbolaririk onenetarikoa izan zenak EL CORREOn argitaratutako elkarrizketa batean.

Iraganean zuten lehi handi hura ezerezean gelditu da pixkanaka. 'Scudetto-a' edota Txapeldunen Liga irabaztetik sailkapenaaren erdialdetik ihestera pasa dira Lombardiako bi talde nagusiak. Beren jokoa lausoa dirudi, idoloa aurkitzea zeharo zaila da, eta zaleek antzinako distira gogoratzeaz bakarrik ez dute bizi nahi. Menez (Milan) frantziarraren eta Icardi (Inter) argentinarraren golei heltzen dira nolabait, baina ezinegona bilakatu da zaletuen sentimendurik zabalena.

Italiako bi erraldoien erorialdiak oihartzun handia izan du bertako Ligan, eta honen ondorioz, Juventusek hartu duen hegemonia haustea latza izango da etorkizunean. Izan ere, txapelketa ez da orain hain erakargarria. Talde batek erraz irabazten duenean, lehiaketaren izena txikitzen da, eta beraz, jokalari onenak fitxatzea ezinezkoa da gaur egun italiar taldeentzat, zorrak itota daudelarik.

Milan bere taldea berritzen saiatu zen bere lider handiak (Maldini, Inzaghi eta Seedorf, besteak beste) pixkanaka erretiratzen ziren heinean. Stephan El Shaarawyk bakarrik eutsi dio presioari, eta bere errendimendua, gainera, sumatzen zitzaiona baino baxuagoa izan da. Etorkizunari goibeltasunez begiratzen diote bi taldeek; izan ere, ekonomia atalean ez daude bere momentu onenean, eta lekukoa hartuko duen gazterik ez dute aurkitzen. Iraganean lortutako mitoa berreskuratzeko zailtasuna erraldoia izango da, baina euren historiak eskatzen duen mailan daudela aldarrikatzeko aukera ere izango dute hurrengo urteetan.