El Correo

Euskarari arnasa, ikus-entzunezkoetan

'Game of Thrones' saioak euskarazko azpitituluak ditu.
'Game of Thrones' saioak euskarazko azpitituluak ditu.
  • Atzerriko hizkuntzetan ekoiztutako 279 filmen eta 24 telesailen 225 kapituluren azpitituluak jarri ditu eskuragarri Eusko Jaurlaritzak. Open Data Euskadin atarian deskargatu daitezke

Euskara merezi duen garrantzia ari da lortzen hainbat esparrutan. Azkenengo aurrerapausua ikus-entzunezkoetan eman da. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 279 filmen eta 24 telesailen 225 kapituluren azpitituluak jarri ditu eskuragarri Open Data Euskadin atarian. Gobernu autonomikoak Distribuidora de Televisión Digital SA (DTS) enpresarekin -CANAL+ zerbitzua eskaintzen duen horrekin- 2014tik izan duen lankidetzari esker sortu diren azpitituluak dira. Azpitituluak '.srt' izeneko formatuan daude, eta horiekin batera filmen eta telesailen zerrendak ere ikusgarri daude web atarian.

Atzerriko hizkuntzetan ekoiztutako zinea jatorrizko bertsioan eta euskaraz azpititulaturik ikusteko aukerak areagotzea da ekimen honen helburu nagusia. Lankidetza horren ondorioz, 'Movistar+ Estrenos' (lehenago Canal+ 1 eta Canal+ estrenos) plataforman 2014-2016 epealdian eskainitako atzerriko hizkuntzetan ekoizturiko filmak eta telesailak euskarazko azpitituluekin ikusteko aukera izango da. Nahiz eta orain arte 548 film eta 67 serietako 600 kapitulu inguru azpititulatu diren, oraingo honetan aipatutako lankidetzaren aurreneko bi urteetan azpititulatutakoak eskegi dira Open Data Euskadin, eta aurki iazkoak ere bertan izango dira.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren asmoa hasitako bideari jarraipena ematea da. Horiek horrela, aurten ere Telefónica Audiovisual Digital (TAD) enpresarekin arituko da lankidetzan, 'Movistar+ Estrenos' plataforman estreinaldiak izango diren atzerriko hizkuntzetan ekoiztutako zinea eta fikzio serieak euskaraz azpititulaturik ikusteko aukera eskaintzen.

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak, Euskararen Agenda Estrategikoaren baitan, euskara biziberritzearen alde egin dituen ekintza eta jarduera nagusiak jaso ditu. Kultur kontsumoari dagokionez, honako helburu hau jasotzen da bertan: kultura euskaraz kontsumitzea sustatzea, batetik euskarazko sorkuntza bultzatuz eta, bestetik, erdarazko produktuak itzuli eta lokalizatuz. Horretarako hainbat aldagai kontuan izan eta guztien arteko oreka aurkitzen saiatzea dira: kalitatea, aberastasuna, dibertsitatea, hartzaile potentzialen kopurua eta nolakotasuna, besteak beste. Testuinguru honetan jaio zen lankidetza Distribuidora de Televisión Digital SA (DTS) enpresarekin, atzerriko hizkuntzetan ekoitzitako kalitatezko zinea telebistan euskaraz azpititulaturik ikusteko aukera bermatzeko.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate