El Correo

Kaleko izarren distira

Alex Sardui eta Maria Amolategi, zenbait lehiakiderekin.
Alex Sardui eta Maria Amolategi, zenbait lehiakiderekin. / EITB
  • Igandean hasiko da ETB 1ek egindako musikaren aldeko apustuaren bigarren edizioa; Alex Sarduik eta Maria Amolategik kantari berriak bilatuko dituzte Euskal Herri osoan zehar

Kalean aurkitu izan dira musikari eta kantari ugari urteetan zehar. Artista independienteak, baliabide ekonomiko gutxi baina artistiko handiak dituztenak... ETB 1ek omenaldi txiki bat egingo die 'Izarrak kalean' saioaren bigarren edizioan. Igande gauean hasiko da, Alex Sardui Gatibu taldeko abeslariak eta Maria Amolategik zuzenduta. Helburua argia da: Euskal Herri osoan zehar, abeslari berriak aurkitzea.

Zortzi saio eta finala emango dira guztira. Norgehiagoka bakoitzean, kaleko jendeak aukeratuko du irabazlea, 'talent show'-etan arrunta ez den sistema. Eta zenbatzeko metodoa da agian bitxiena. Txanpon gehien lortzen duena izango da irabazlea. Izan ere, kaleko artita baten saskian aurkitzen duguna termometrorik zehatzena da. Azkar gatibatu beharko dute abeslariek publikoa, abestu ondoren 30 segundo besterik ez baitituzte izango ikusleak konbentzitzeko. Lehenengo duelua, igande honetan izango da, 21:45etik aurrera.