El Correo
Kukai dantza taldearen emanaldi bat.
Kukai dantza taldearen emanaldi bat. / Pedro Urresti

«Ikasketa prozesua ez da amaitzen eta ez dadila amaitu»

  • Atzoko emanaldiaren ostean, Loraldiak Kukai dantza taldea ikusteko beste aukera emango du, azteazkenean Azkuna Zentroan

Hamabost urte igaro dira Errenteriako Ereintza Dantza Taldeko Jon Mayak Kukai proiektua abiatu zuenetik. Harrezkero, hamabi ikuskizun plazaratu ditu. Sormen garaikideak badira ere, guztien lokarria kultura tradizionalean sustraiak ezartzea da. 'Gure ADNan dago', adierazi du Euskal Herriko Aurreskulari Txapelduna zazpi aldiz izan zenak. Loraldiaren baitan bi emanaldi eskainiko dituzte. 'Kukai eta lagunak' omenaldian bere ibilbidean zehar lankide izan diren hainbat adiskide egon ziren atzo Campos Antzokian. Azteazkenean, berriz, pantaila eta dantza Azkuna Zentroan uztartuko dira, azkenengo koreografiari buruzko Oskara Plazara! dokumentala proiektatzen den bitartean zuzenean ikusteko aukera izango baita.

Loraldiko lehenengo edizioan parte hartu ondoren, iaz ez zineten egon eta aurten bi ekitaldiekin bueltatu zarete...

Bai, gauza ezberdinak, baina oso bereziak biak. 'Adiskideak' izeneko lau emanaldiko bira labur batean kokatzen da atzokoa. Alde batetik, gure 15 urteko ibilbidearen retrospektiba txikitxo bat egiten dugu eta gure ibilbidearen emaitzak ikus daitezke. Bestetik, bide honetan izan ditugun artista eta musikari askok lagunduta gaude. Oso festa girokoa da, guretzat ere, lagun guzti hauekin eszenatokian topo egitea eta guztiok batera horrelako emanaldia eskaintzea.

Oskara jadanik ikusi duenak zer berri aurkituko du azteazkenean?

Nire ustez oso baliagarri da bai Oskara ezagutzen duena eta baita ezagutzen ez duenarentzat ere. Alderdi ezberdinak nabarmenduko nituzke. Alde batetik, dokumental honetan gure egunerokotasuna nolakoa den ikusten da, hau da, ikuskizun baten atzean dagoen lan guztia eta dauden aspektu ezberdinak ere, baina ez da hori bakarrik, ez da 'making of' bat, gogoetarako gonbite bat ere bada: zer garen momentu honetan, ohitura tradizionalak zer leku betetzen duen gaur egungo gizartean, kultura tradizionala eta garaikidearen arteko harremana... Nik uste erreflexio interesanteak planteatzen ditu eta ikuslea ere erreflexiora bideratzen du. Bestalde, dokumentala ez ezik, dantza zuzenean ere ikusiko da. Konbinazioa oso interesgarri gertatzen da ikuskizunaren trazak erakusten direlako, nola egituratzen den ikusten den bitartean. Oskara ikusi dutenek beste begiekin ikusiko dute oraingo honetan, aukera izango baitute bere baitan sentitu zuten hura alderatzeko eta beste modu batera ikusteko.

Zergatik aukeratu zenuten dokumental formatua?

Hasieratik argi geneukan Oskara ez zela ikuskizun bat, baizik eta proiektu bat: egituragatik edota bere interesagatik. Horren baitan, sorkuntza ikuskizunean ematen da, sorkuntza ere unitate didaktiko bat ikastetxeetan landu ahal izateko eta horrela dokumentalaren ideia sortu zen. Azkenean, Oskara aitzakia baino ez zen, tradizioetatik abiatuta egiten dugun lanari edo gure gizarteari buruz hitz egiteko, hau da, gizarte garaikidea baina era berean bere sustraietan harreman zuzen-zuzena daukana. Interesgarria iruditzen zitzaigun gogoeta hori dokumentalara eraman. Eta behin grabazioa eskuetan edukita, dantza eta zinema uztartzea oso erakargarri ikusi genuen.

Zer irudikatzen du Loraldiak?

Ni bat nator Loraldiarekin, jaialdi bezala, eta bere filosofiarekin. Bai Loraldiak bai Kukaik erabiltzen ditugun oinarrizko kontzeptu asko antzekoak dira: euskal kultura, sormena, tradizioa, garaikidea... Gure ADNan agertzen dira. Gainera oso jaialdi beharrezkoa da. Euskal kulturan sormen alorrean gabiltzan guztiok askotan badugu gure herrian bertan ikustezinak izatearen sentsazioa; beraz, horrelako erakuslehioa izatea Bilbo bezalako hiri batean oso garrantzitsua da, tour sormen horrentzat katapulta bezala izan ahal duen balioagatik ahaztu gabe.

Errenteriatik mundura

Zer nolako eragina duen gaur egungo Kukai dantza taldean Errenteriako Ereintza Dantza Taldeak?

Eragina nabaria da. Ni neu sei urtekin hasi nintzen dantzan, bertan formatu naiz dantzari bezala eta inondik ere pertsona bezala ere bai urte asko egin ditudalako bertan. Gaur egun ahal dudan neurrian bolondres gisa kolaboratzen eta nire ekarpena egiten saiatzen naiz. Era berean Kukai hasieratik lanean dagoen formazioa bertako ikasle eta dantzariz osatuta dago. Ezinbesteko papera izan du, alegia.

Atzera begira honaino ailegatzea espero zenuten?

Ez, ametsak beti dituzu, baina orain dela hamabost urte proiektua oso modo xumean abiatu zenean, egunez egunekoa duzu buruan eta ez duzu hamabost urteko perspektika bat, baina modu naturalean joan da gertatzen: proiektua, lankidetza, birak, sormen berriak, kolaborazioak... Pixkanaka pixkanaka zurrunbilo honetan sartu gara, erabakiak hartzen, eta horien ondorioz iritzi gara gaur egun gauden puntu honetara eta garapen honetan jarraitzea espero dugu.

Zer ikasi duzue hamabost urtetan edo zein izan da zuen bilakaera?

Izugarri... Dena esango nuke (barreak). Dakiguna bidean ikasi dugu. Pertsonalki orain dela hamabost urte arte eszenikoetan sartu ginenean hasi berria ez ezik, nuloa sentitzen genuen ezagutza. Hamabost urteko esperientzaren ondoren beste era batean mugitzen eta kokatzen ikasten duzu, baita proiektuak abiatzen ere. Plano artistikoan berdin. Nire formazioa dantza tradizionalekoa da nagusiki, nahiz eta beste formazioak jaso; hortaz, ibilbide honetan edukitako lankidetzekin eta harremanekin izugarri ikasi eta ikasten goaz egunero egunero. Ikasketa prozesu hau ez da amaitzen eta ez dadila amaitu.

Zer eskatuko zeniokete etorkizunari? Egiteke dagoen zerbait?

Une honetan daramagun lan erritmo sorkuntza horretan jarraitzea, zalantzarik gabe. Izan ere, oso momentu interesgarrian gaude: Kukairen hasieratik dagoen formazioa eta azken urteetan proeiktura batu direnen arteko konbinazio horretatik gauza berriak ateratzen ari dira. Halere, nazioartean gauza batzuk egiten ari garen arren, muturra pixka bat gehiago sartzea gustagarria litzateke. Hori bada erronkatxoetako bat etorkizunerako, baina baita ere orain arteko lan ildoa sendotzen joatea eta sendotze bide horretan pausuak ematea.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate