El Correo

Lou Topet taldeak Pete Seegeren omenaldia egingo du Loraldian

Lou Topet taldeak Pete Seegeren omenaldia egingo du Loraldian

/ Loraldia

  • Omenezko kontzertu berezia egingo dute Arriaga Antzokian eta bertan Aiora Renteria, Eñaut Elorriaga eta Izarok parte hartuko dute, besteak beste

Abesti errazak, langileen borrokari buruzko mezu argiak eta baikorrak -egungo begiradarentzat, agian, gehiegi-, errepikapenak... Batez ere, jendeak abesteko pentsatutako kantak ziren Pete Seeger kantautoreak egin zituenak. Seegeren eragina oraindik handia da, eta Loraldia Festibalak New Yorkeko folk kantariaren omenaldia egin nahi zuen. Beraz, Harkaitz Canori eta Lou Topet taldeari deitu zien. Haiek bazeukaten eskarmentua, 2015eko 'Abesti bat gutxiago' bertsioen diskoan bazegoen Pete Seegerren abesti bat eta.

Aurten, omenezko kontzertu berezia egingo dute Arriaga Antzokian. Datorren astean bertan izango da. 'Eutsiko diogu, Pete! The Seeger Basque Sessions' igandean izango da, 19.00etan. Oier Aranzabal, Rafa Rueda, Oihan Larrañaga, Ander Zulaika eta Joserra Senperena, hau da, Lou Topetekoak ez ezik, Aiora Renteria, Anje Duhalde, Eñaut Elorrieta, King Konsul, Joseba Irazoki eta Izaro musikari gonbidatuak ere egongo dira eszenatokian.

Gainera, Loraldiarekin elkarlanean, Lou Topet taldeak 'Pete Seeger gogoan' EP laburra grabatu du eta disko horren edizio mugatu bat argitaratu da, eskuz egindako tirada zenbakidunean. 300 ale soilik dira eta kontzertuaren amaieran salgai egongo dira. Erostea lortzen ez dutenentzat, badago beste aukera bat: euskarri digitala, doan, seeger.loutopet.com webgunearen bidez.

«Klasioak ez dira agortzen, kantatzeko daukate guztia ez da agortzen», dio Harkaitz Cano idazleak. Berak egin ditu euskarazko bertsioak eta, lana egin ondoren, Seegeren abestiei buruz sentsazio jakin bat dauka: «Askoz ere garai ingenua, naif zela ematen dute hainbat letrek. Beste garai bateko usaina dute, baita idealismoa ere». Funtsezko osagaiak familien baloreak, hau da, balore tradizionalak ziren. Aldi berean, «dibulgadore handia zen» eta eragin handia zuen musika arloan. Adibidez, Víctor Jarak, Johnny Cashek edota Bruce Springsteenek euren kanten bertsioak argitaratu dituzte.

Euskal egileen artean ere mito bihurtu zen eta Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak edo Garik egin dituzte Seegeren bertsioak. Euskal Herrian behin egon zen Seeger, 1971an, Donostiako Victoria Eugenian, Ez Dok Amairu mugimenduak gonbidatua.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate