El Correo

Euskadi eta Kaliforniaren arteko 'saltsa'

Mikel Markez eta Doka taldeko hiru kideak.
Mikel Markez eta Doka taldeko hiru kideak. / Quincena Musical
  • Mikel Markez abeslea eta Amerikatik etorritako Noka taldea batu dira haien disko berria Euskal Herri osotik erakusteko

Euskal Herriko mugak uste duguna baino askoz zabalagoak dira. Mikel Markezek 2011an Erramun Martikorenarekin egin zuen bidaia baten ostean gure kulturak Atlantiar ozeanoa zeharkatzen duela erakusten ari da. Kalifornian igarotako denboraldian Noka emakume taldea ezagutu zuen afari batean. Musika tradizionalean jorraturik, Andrea Miren Bidartek, Begoña Echeverriak eta Cathy Petrissansek osatutako hirukotearen berri izatean nabaritu zuen hainbat gauza zituztela amankomunean: "Oso erraza egiten zen elkarrekin abestea".

Lotura berezi horri esker, kolaborazio batzuk egin zituzten eta, bi urte geroago, disko bat grabatzeko burutazioa izan zuten. "Iaz bira bat egin genuen Amerikan. Kalifornia, Nevada eta Oregonera joan ginen. Hiru asteburu eman genituen bidaiatzen", azaltzen du Markezek. "Lehenago abesti batzuk egin genituen baina lan garrantzitsuago bat egitea nahi genuen, eta halaxe egin dugu azkenean", dio Bidartek.

Grabaketak Kalifornian egin eta gero, Markezen abestien pistekin bueltatu zen Euskadira ekoizpena amaitzeko. Bakarlariak egindako lau kanta berri eta doinu amerikarrak batzen ditu. Folkloreko nahasketa bitxi honek "saltsa baten itxura" daukala iruditu zitzaien, "soup amerikarra". 'Bi ahizpak' eskualde bietan argitaratu da eta igandean Etxanon amaitu zen elkarrekin egindako bira. "Lehenengo kontzertua hasi baino lehen oso urduri jarri ginen. Donostiako San Telmo museoan izan zen eta azkenean 400 pertsona etorri ziren. Harrera bikaina izan dugu", gogoratzen du Bidartek. Ikusle asko harritu ziren haien euskaraz hitz egiteko erraztasunarekin. "Guretzat ez da batere arraroa. Hegoaldean erderaz eta euskaraz mintzatzen dira, Iparraldean euskaraz zein frantsesez eta Ameriketan ingelesez eta euskaraz", komentatzen du.

Identitatea gordetzeko esfortzua

"Harrigarriena da berez inolako beharrik gabe egiten dutela. Hizkuntza, kantua eta dantza modu berezian lantzen dute identitatea gordetzeko indarrarekin", ospatzen du Markezek. Bidarten familiak, esaterako, euskaraz egiten zuen etxean, Petrissansen senideak Iparraldekoak dira eta Echeverriaren aita Baztanen jaio zen. "Euskal telebista ikusten dugu eta normalean hiztegi batekin ibiltzen naiz, sortzen zaizkidan zalantzak argitzeko", dio Bidartek Frantziako doinu berezi batekin. Gainera, iTunes eta internet hizkuntza eta euskal kantak mantentzeko "oso onuragarriak" izan direla uste dute. Horrela, Benito Lertxundi edo Txomin Artolaren melodiak ezagutzen dituztenak badira, baita kaleratu berri diren diskoak entzuten dituztenak.

Esperientzia ederra dela errepikatzen dute musikariek behin eta berriro. Izan ere, ideia finko bat ez den arren, argi daukate gustatuko litzaiekeela disko bakarreko proiektua ez izatea. "Asko gustatzen zaigu hona etortzea. Bizitza biziagoa da eta tabernan lagunekin topatzeko ohitura gustatzen zaigu", nabarmentzen du Bidartek. "Ez dakit zer gertatuko den -dio Markezek-, baina 'feeling' berezi bat dago, giro ona. Ez daukat gauzak bortxatzeko tendentzia, baina materiala baldin badago, jarraitzea gustatuko litzaidake. Hori bai, lauron artean disko bat zuzenean defendatzea ez da batere erraza distantzia dela eta".