El Correo

Kixoteren lurraldean

Kixoteren lurraldean
  • Iaz, 2016. urtean, Cervantesen mendeurrena ospatu zelarik, Iñigo Astiz Kixoteren lurraldera abiatu zen Cervantesen pertsonaiaren bila

Iaz, 2016. urtean, Cervantesen mendeurrena ospatu zelarik, Iñigo Astiz Kixoteren lurraldera abiatu zen Cervantesen pertsonaiaren bila. Mantxan zehar egindako bidaia horretan topatutakoekin hainbat artikulu idatzi zituen ‘Berria’ egunkarirako. Gero artikulu horiek liburu moduan agertu dira, ‘Kixotenean’ izenburuarekin. Liburuak Astizen testuak ez ezik, Maite Mutuberriaren ilustrazioak ere aurkezten ditu, testuaren osagarri. Liburuan zehar, Astizek behin eta berriro azpimarratzen du fikzioaren eta errealitatearen arteko erlazioa, batez ere adierazteko bi osagaien artean dagoen muga dirudien baino lausoagoa dela, askotan ez baitago jakiterik non bukatzen den bata eta non hasten den bestea. Biak ala biak elkarren eraginpean baitaude. Halaxe gertatzen da Cervantesen obrarekin eta halaxe gertatzen zaio Astizi Mantxan pertsonaiaren bila dabilelarik. Leku guztietan esaten dute toki hura hartu zuela oinarritzat Cervantesek halako atal bat idazteko Kixotea-n. Dudarik gabe. Zalantzarik gabe. Frogarik gabe. Astiz pertsonaiaren ibilbidearen atzetik doa bere liburuan, Cervantesen obran aipatzen diren lekuetan geldituz. Eta pertsonaiaren ibilbidea erakutsi nahi duelarik, paisaiarekin egiten du topo. Nire ustez, hauxe da liburu honek duen puntu interesgarrienetako bat: Astizek lekua eta giroa (udako bero itogarria) era miresgarrian islatzen dituela, sentitzeko moduan aurkezten baitu giro hori. Deskribapenak zehatzak dira eta momentu bakoitzean hitz egokia aurkitzen du.

Interesa pizten duen bigarren puntua idazlearen ikuspuntua da. Fikzioaren eta errealitatearen arteko muga lauso horretan kokatzen delarik, bere begirada ironikoa da, bai baitaki kontatzen dizkioten gauzak ez direla gehiegi sinestekoak. Baina ironia horretan ez dago inolako burlarik. Bestalde, Kixoteren bila doalarik, ez du ahaztu Cervantesen idazlanak euskal itzulpengintzan utzi duen arrastoa.

Iaz, batera ospatu ziren Cervantesen eta Shakespeareren mendeurrenak, eta Cervantesena nahiko oharkabean pasatu dela ematen du. Iñigo Astizen idazlanak Kixotea (berr)irakurtzeko gogoa pizteko ahalmena du… eta ez ahaztu: Cervantesen nobela unibertsala delarik geurea ere bada.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate