El Correo

Talentuak ez ditu hizkuntzak bereizten

Irene Escolar eta Álvaro Cervantes aktoreek gaur jakinarazi dute 'Loreak' filmak Espainia ordezkatuko duela.

Irene Escolar eta Álvaro Cervantes aktoreek gaur jakinarazi dute 'Loreak' filmak Espainia ordezkatuko duela. / EFE

  • Oscar sarien luxuzko galara iristekotan da 'Loreak' filma, euskara aldarrikatzeko eta artelanak euskal hizkuntzan sortzeko bultzada handia izan litekeena

Euskara nazioartean onartzea lortzeko oztopoa dela pentsatzen dute askok. Aitzinako hizkuntza dugula, mundu osoan ia ezezaguna dela... 'Loreak' filmak kolpe batez deuseztatu ditu iritzi horiek eta historian sartu da bete-betean. Luxuz beteriko Oscar sarien galara iristear da Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren lana, Espainia ordezkatzeko hautatua izan dena. Honela, euskal kultura gure mugetatik kanpo hedatzen dutenek aldarrikatzen dutena bete dute. Talentuak bere tokia topatzen duela beti, bidea luzeagoa bada ere. Eta gero eta zailagoa izanda, orduan eta gehiago gozatzen da bere arraskastaz.

Oraindik ere azken bahetzea gainditu behar izango du 'Loreak' pelikulak ingelesa ez den beste hizkuntza batean grabatutako film onenaren saria jasotzeko aukera izateko. Izan ere, bost artelan bakarrik lehiatuko dira balio handiko estatua txiki hori lortzeko. Hala ere, euskal pelikularen ibilbidea tatxagabea izan da orain arte. Duela hamaika hilabete estrenatu zen eta 50.000 pertsona inguru bildu ditu aretoetan, nazioarteko 50 jaialdira joanez. Marka galanta lortu du ezbairik gabe 'Magical Girl' eta 'Felices 140' menderatu ondoren, eta artelanak euskaraz sortzeari bultzada handia eman diezaioke etorkizunean. Baina... zer gertatuko litzateke oraindik istorioa amaitu ez balitz eta filmaren egileak estatuatxoarekin itzuliko balira?