El Correo

Oholtza gainean hil

Oso denbora laburrean, bideoa begiz begi ibili da. Bruce Hampton oholtza gainean zerraldo eroria, haren bandak ‘Turn On Your Lovelight’ abestiarekin jarraitzen duen bitartean. Heriotzaren ezinbesteko bakartasuna, irudi harrigarri bakar batean. Bere hirurogeita hamargarren urtebetetze eguna zen eta bandako gainerakoek, geroago esan dutenaren arabera, txantxetan zelakoan zeuden.

Ez dugu urrutira joan behar horrelako zerbait gurean gogoratzeko. 1976ko azaroan betiko utzi gintuen Xalbadorrek, askorentzat izan dugun bertsolaririk finenak. Oholtza gainean zegoen Urepelen, bere omenezko ekitaldi batean hain zuzen, gaizki sentitzen hasi zenean. Inori ezer esan gabe, poliki-poliki jendetzatik aldendu zen bakean zentzeko. Bere bihotzak ezin zituen egun hartako zirrarak jasan.

RIP taldeko gitarra-jotzailea, Jul Bolinaga, 2016ko azaroan hil zen Bergaran ‘The Potes’ taldearekin ‘Condenado’ abestia jotzen zuen bitartean. Bere anaia Txerra, RIP taldean bizirik dirauen kide bakar utzi zuen.

Hilabete berean, baina 2008an betiko utzi gintuen, baita ere, Hegoafrikako Miriam Makeba abeslariak. Mitikarako osagai asko daude honetan ere. Makeba apartheid kontrako borrokaren ikurra zen eta Napoliar Kamorraren feudo batean zegoen bere bizitzaren azken egunean, mafiaren kontrako kontzertu batetan. Orduko kronikek kontatzen digutenez, Pata-Pata izan zen bere azken kantua eta oholtzatik aldageletarako bidean jausi zen, han pilatuta zeuden kutxen artean, sekula berriro ez altxatzeko. Hirurogeita hamasei urte zeuzkan berak.

Joaquin Briolini, rockero argentinarra ere 2014ko azaroan hil zen hogeita bi urte besterik ez zuela. Kasu honetan bere mikrofonoaren kableatze okerrean datza zergatia.

Beste batzuetan artistak erail egin dituzte ekitaldian bertan. Dimebag Barrell-ek, Pantera taldeko gitarristak, bizia galdu zuen gizabanako bat Ohioko gau-klub batean tiroka sartu zenean, 2004ko abenduan. Bildutakoen artean beste hiru biktima izan ziren, poliziak bera akabatu baino lehen. Hiltzailearen lagun batek esan zuenez, hiltzailea erabat obsesionaturik zegoen taldearekin.

Papa Wenba artista kongotarrak ere oholtza gainean aurkitu zuen bukaera. Afrikako herrialde askotan ospe handiko artista zena burmuineko malariak jota zegoen. Hala ere, ekitaldiak eskaintzen jarraitzea erabaki zuen, ondorioa zein izan zitekeen soberan jakin arren. Hirurogei urte izanik Boli Kostako Abiyán hirian jotzen zegoelarik betiko isildu zen.

Youtuben, Hamptonen heriotza bilatzean, grabaturik gertatu diren beste eszena ikaragarri batzuk aurki daitezke. Sakelako batek betikotu zuen MC Dalesteren brasiliar raperoaren hilketa, tiro baten ondorioz. Zur eta lur geratzeko modukoa, hogeita bat urteko gazte baten bizia bat-batean akabatzea zein erraza izan daitekeen ikustea.

Are sinestezinagoa Irma Bule, Indonesiako abeslariaren amaiera. Irmak sugeak ateratzeko ohitura zeukan, ikuskizunak zirraragarriagoak bihurtzeko asmoz. Hogeita bederatzi urte zeuzkala, kobra baten hozkadaren ondorioz hil zen, berrogei minutuko agonia sufritu ondoren.

Azkenera arte ekinean ibiliak. Lorian egonik desagertuak. Alde ona bilatzearren, gustuko zuten zerbait egiten, jaso zuten denek, dama zuriaren bisita, eta gehienetan, ez zen bideratze luzea izan.

Badakigu: Ikuskizunak, aurrera jo beti.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate