El Correo

Kultura Ondarea Sariak 152 bideo jaso ditu, iaz baino 60 gehiago

Gazte batzuk bideokamararekin grabatzen.
Gazte batzuk bideokamararekin grabatzen. / Fotolia
  • Aurkezteko epea apirilaren 7an amaitu zen eta epaimahaiak irabazleak aukeratuko ditu maiatzaren 12an

Kultura Ondarea Sariaren hirugarren edizioan eskolek zein ikasleek izan duten parte hartzeak «emaitza oso onak» eman ditu ekimenaren sustatzaile diren Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Hezkuntza Sailaren arabera. Sarirako bideoak aurkezteko epea apirilaren 7an amaitu zen, eta 152 bideo aurkeztu dira, iaz baino 60 gehiago eta 2015en baino 91 gehiago. Erakundeetako ordezkariak eta adituak uztartuko dituen epaimahaiak irabazleak aukeratuko ditu maiatzaren 12an.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, aurkeztutako bideoek %65eko igoera izan dutenez aurreko edizioarekin alderatuta, ekimena «erabat finkatuta» dagoela agerian geratu da hirugarren edizioan. Ekimenaren xedea da euskal kultura ondarea hedatzea eta, horretarako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailako, Batxilergoko 1. mailako eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehen mailako ikasleek egindako bideoak sarituko dira.

Aurkeztutako bideoek izan duten gorakadaz gain, parte hartu duten eskolen kopuruak ere gora egiten jarraitzen du, apurka-apurka: 26 eskola izan ziren 2015en, 32 iaz eta 36 eskola aurten.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak balioa eman dio ekimenari, bai eta hiru urteotan izan duen bilakaerari ere. «Proiektu erraz eta erakargarri baten bidez, ikasleekin bat egitea lortu da, nabaria baita ederki hartu dutela ekimena. Talde lanaren eta ezagunak dituzten ikus-entzunezkoen arloko tekniken bidez euskal kultura ondarera gertura daitezen lortu dugu, eta hori oso garrantzitsua da», azaldu du.

3-10 minutuko bideoak

Izan ere, ekimenak parte hartzen duten taldeei eskatzen die kultura ondare materiala zein immaterialari loturiko gai baten inguruan duten ikuspegia azaltzea 3 eta 10 minutu bitarteko bideo baten bitartez. Ondare kontzeptua bere zentzu zabalenean hartzen du proiektuak, eta ikasle parte hartzaileek gai zehatz baten inguruko beren berezko kontaketa sortu behar dute ikus-entzunezko arloko teknikak erabiliz, taldean lan eginaz eta ikuspegi berritzaile bat aplikatuz.

Hiru bideo hoberenak egin dituzten taldeetako kideek -tutorea barne- jasoko duten saria ondokoa da: kultura bisita bat Irlandara, ekainaren 28tik uztailaren 5era bitartean. Irlandako lekurik esanguratsuenak eta kultura adierazpen garrantzitsuenak Paddy Woodworth kazetari eta idazle ospetsuaren eskutik ezagutu ahal izango dituzte.

Maiatzaren 12an balorazio batzordea Lakuan bilduko da hiru lanik hoberenak hautatzeko, hau da, hirugarren edizio honetako hiru talde irabazleak. Batzorde horretan, erakundeetako ordezkariez gain, adituak ere izango dira: Paco Etxeberria Aranzadi Zientzia Elkarteko presidentea, Lucia Torrealday Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, Agustin Azkarate EHUko Arkeologia katedraduna, Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusia eta Amaia Goikoetxea Kultura Ondarearen teknikaria. Epaimahaiaren presidentea Imanol Agote Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendaria izango da.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate