El Correo

Loraldia ez da egun bakarreko lorea

'Strip-tease' ikuskizuneko irudia.
'Strip-tease' ikuskizuneko irudia.
  • Udaberriko festibal kulturalak 8.000 ikusle inguru izan ditu guztira eta ikuskizun gehienetan eserleku-kopuruaren %80 baino gehiago bete egin da

Loraldia Festibala gelditzeko etorri da. Behintzat, hori diote antolakuntzak mahaigaineratu dituen hirugarren edizioaren datuek. «Ikuslegoak harrera ona eman dio eskaintzari eta ikuskizun gehienetan eserleku-kopuruaren %80 baino gehiago bete egin da, guztira 8.000 ikusle inguru». Horretaz aparte, 'sarrerak agortuta' kartela eskegi behar izan dute zenbait ikuskizunetan; hala nola, Kukai & Lagunak biran, Euskal Herrian filmatutako lehenengo 3D Euskadi dokumentalean, BCN Jazz Konexioan, 'Biba voi' Dario Fo eta Franca Rame akorduan eta baita Izaroren kontzertuan ere. Gainera, 'Ez Dok Hiru' antzezlana 1.500 ikusle batu zituen Arriaga Antzokia eta 'Strip-tease', Iratxe Fresnedaren 'Irrintziaren Oihartzunak' edota Xabi Aburruzagaren, Lou Topet-en eta Mikel Urdangarinen kontzertuak erabat betetzear geratu ziren.

Hau dena lortu da aurrekontuak murrizketa pairatu duen arren. Izan ere, 290.000ko kopuarekin, Loraldia Festibalak diziplina anitzeko 29 ikuskizun eskaini ditu (literatura, musika, dantza, antzerkia, zinea, bertsolaritza...), Bizkaiko hiriburuan erreferentzi diren hamar eszenatokitan. Izan ere, hamaika herrialdetatik etorritako 150 artista baino gehiagok euren lanak Bilbon aurkeztu ahal izan dituzte. Antolakuntzak «sortzaileek eskainitako proposamenen kalitatea» azpimarratu du. «Euskal kulturaren balore berrien alde egin da eta hauek maila altua erakutsi dute: Dantzaz konpainiako gazteak, Pabiloi 6ko Gazte Konpainia, Donostiako Musika Eskola, ITU Bandako kideak, Kattalin Miner idazlea, Izaro kantaria... bikain aritu baitira».

Ekimen berritzaileak

Antolakuntzak «euskal kulturari beste eremu bat eskaini» nahi zioten eta, badirudi, lortu egin dutela. Loraldiaren produkzio propio bik -'Strip-tease' antezlana eta Pete Seegerren omenezko kontzertuak- kritikaren eta ikusleen erabateko arrakasta lortu dutela adierazten dute bultzatzaileek. Horretaz gain, Loraldia Eskolako hezkuntz-egitasmoaren aurkezpena -non ikastola bik sormen lan propioak taularatu zituzten- Festibalaren unerik hunkigarrienetako bat izan dela aitortzen dute. «Ekimen hau dela medio, 10 eta 11 urteko 100 haurrek eszenaratu zituzten pasa den asteazkenean Campos Antzokian gure kulturan oinarritutako bi pastoral moderno».

Bestalde, publiko gaztearen bilaketak ordainsaria izan du, Lukiek-en, Hesiak-en eta Izaroren kontzertuetan, hala nola Bilbronx-en eta Itu Bandaren ikuskizunetan, gogoberoz parte hartu dutelako gazteek. Honekin batera, ibilbide luzeko eta sona handiko sortzaileek hautatu dute Loraldia euren proposamen berriak estreinatzeko: Mikel Urdangarinek, Patxo Telleriak eta Mikel Martínezek, Kirmen Uribek edota Kukai Konpainiak kasu.

Nahiz eta Bilbon garatu, Loraldiak Euskal Herriari eta munduari begiratzeko asmoa izan du. Ondorioz, Festibala Bilbotik kanpo loratzen hasi da eta horren erakusle 'Euskadi' filmak lau hiriburetan egin duen bira, Nafarroan eta Gipuzkoan aurkeztutako 'Eutsiko diogu, Pete' kontzertua, edo Madrilen egingo den 'Strip-tease'-eko lau piezetako bataren estreinaldiak dira.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate