El Correo

Akaso bizitza bera baino gehiago behar al dugu?

Akaso bizitza bera baino gehiago behar al dugu?
  • 'E, Petrel!' antzezlanak oinarrizko liburuaren muina taularatzea lortu ez ezik, gaur egungo ajeen inguruko hausnarketa ere mahaiganeratzen du

Gutxiago gehiago dela esaten du esanahiak eta 'E, Petrel!' antzezlanean -izenburu berberako liburuan oinarrituta dagoen obran- premisa hori bete egiten da. Moldaketa egin duen Mikel Sarriegik Julio Villarren filosofia xumea, «oso gauza gutxirekin asko egitea», mantentzen saiatu zela onartu zuen. Bere asmoa bete ote zuen jakiteko aukera Campos Antzerkiak eman zuen aurreko ostiralean, Loraldiaren baitan. Ez zen erraza hiru elementu mugikorrekin Donostian jaiotako mendizale, nabigatzaile eta bidaiari nekaezin honen lau urte t'erdiko mundu bira, bizitza eta, batez ere, pentsaera taularatzea. Halere, lortu egiten du zuzendari lanetan ez ezik, protagonista paperan aritzen denak. Ikusleok itsasoan barneratzen gara, haizearen zirrara sentitzen dugu, lainoen gainetik ibiltzen gara eta, ordubetean zehar behintzat, inoiz amestutako paisaiak aurkitzeko gogoa pizten zaigu. Goazen, Mistral, goazen!

Baina abenturaren oihartzunak hurbiltzeaz gain, mezu garrantzitsua helarazten digu obrak. Bizitzari zukua ateratzeko ez dugu urrunera joan behar. Ezta gauza handirik egin behar. «Gauza handien eta txikien artean ez dago ezberdintasunik, guk jartzen dioguna baino». 'Caminante no hay camino, se hace camino al andar' Machadoren hitzak bereganatzen ditu Juliok bizirik sentitzeko bizi baino ez dugula behar gogorarazteko. «Bidaia bizitza bera da, helmuga ez du garrantzirik». Gaur egungo daramatzagun erritmoak aurreikusi izan balitu bezala, hausnarketak isiltasuna eta moteltasuna aldarrikatzen du. «Azkar edo lasai berdin da bidean banago. Neu naiz nire bidea». Mundu honetan geure buruari zerbait izateko ezartzen diogun premia ere kolokan jartzen du Villarrek. «Ez dakit, ez dakit, ez dakit. Ez dakit galdetzen zaidan guztia erantzuten», errepikatzen du behin eta berriz heroi bihurtzeari ihes egin zionak. «Nire asmoa ezer ez izatea da». Agian libreago bizi izango ginateke erantzunik behar ez bagenu.

Zuzeneko musikak istoria gidatzen du. Iñaki Dieguezek zuzenean jotzen duen akordeoiak beste txokoetara eramaten zaitu, Julio Villarrek (Mikel Sarriegik) eta bere lagunak (Alvaro Garayaldek) bizitzaren joanetorriak aztertzen dituzten bitartean. Hizketak, argitalpenaren pasarteak eta gogoetak nahastu egiten dira eta, horrela, konturatu gabe, denborak alde egiten du. Bizitza bezala. Goazen, Mistral, goazen!

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate