El Correo

Urteak, urteka

Aspaldi da, urteak izango dira euskal literaturaren balantzea egiteko eskaria jasotzen dudala zenbait mediotatik, aldizkari zein azterketa akademikoetatik. Tartean, El Correoko Territorios hauxe dago.

Badira zenbait urte aurreko denboraldiak literaturan eman duena laburtzen saiatu naizena. Ohitura zabaldua da. Inguruko aldizkariek edo gehigarri kulturalek ere gauza bere egiten dute. Urteka sailkatu ekoizpena eta sorkuntza, alegia. Agian, Instituzio nagusiek antolatzen dituzten literatur lehiaketek agintzen dute arlo horretan, dela Euskadi Literatura Sariek, dela Sari Nazionalek. Urtarriletik abendura doan bidean aurkezturiko literatura lanak hartzen baitituzte kontuan.

Baina askotan erreparatu eta idatzi dudan kontua da: indar bik eragozten dute gure sorkuntza. Batetik, gure literaturan indar bi dira oso garbiak, eta maiz ikusten direnak, haietaz hitz asko egiten ez bada ere: fenomeno batzuk eztanda gisa ageri dira, bat-batean eta indar handiz, eta badira beste batzuk, frantsesek ‘long durée’koak, iraupen luzekoak direla esango luketenak, urtetik gorako epeak hartu behar dira kontuan haien indarraz konturatzeko eta haien eragina adierazteko.

Bestetik, gure literaturaren eremuan, Durangoko azokak agintzen du maiz urteko argitalpen erritmoa, eta ekitaldi horren arabera eta urtea kontuan hartuz gero, aldi bi ditu euskal literaturak: uda aurretikoa eta uda ostekoa, Durango begietan duela.

Baldintza biak gertatu ohi direlako, nahiz eta berriro egingo dugun bekatu, ez da oso egokia urtez urte, uztaz uzta sailkatzea gure literatura. Eta adibide bat eman nahi nuke. 2016ko literatura produkzioan, emakumeen literatura oso eskasa izan dela baiezta dezakegu (kontakizunaz eta poesiaz ari naiz batez ere). Gogoeta egiten hasita, bat-batean datorkigu memoriara Miren Gorrotxategiren (1981) ‘33 ezkil’ landa drama. Batetik, martxoko emakumeen uzta gertatu ez zelako, bestetik emakumeek oso gutxi argitaratu zutelako, 2016an bazirudien horixe besterik ez zela agertu urte horretan, eta azarokoa da Gorrotxategiren nobela. Durango prest-prest zegoen jada ortzi-mugan. Heldu zen Durango, eta hara non ia burua askorik nabarmendu gabe, beste hiru lan berezi eta oso ederrak agertu ziren. Arantxa Urretabizkaiaren (1947) kronika gisa etiketatzen den egunerokoaren bigarren aldea: ‘Bidean ikasia’, eta Amaia Iturbide (1961) isilaren liburu bi. Bata nobela, berezia, Argentinako desagertuez ari delako: ‘Ispiluen arteko zirriborroak’ eta bestea meritu handiko poema liburua: ‘Dorrearen eta penduluaren arteko ituna’.

Panorama gainera, aldatzera dator martxoaren hasieran. Jakina da urteak direla, 2006 edo 2007tik gaur arte, martxoa izan dela Elkar argitaletxeak aukeratu duena urteko argitalpenari hasiera emateko, hain zuzen ere emakumeek idatzitako lanen bidez (Katixa Agirre, Uxue Alberdi). Eta 2017ko martxorako emakumeek idatzitako lan bi eman ditu argitara: Kattalin Minerren ‘Nola heldu naiz ni honaino’ eta Arantxa Iturberen ‘Koadernoa zuri’.

Beraz, ikuskera laburra erabiltzen badugu, 2016ko urtarriletik azarora arte emakumeek idatzitako nobela bakar bat, Gorrotxategirena, argitaratu zenez, sortuko zaigun inpresioa urritasunarena izango da, hamaika hilabetean emakume literatura oso urria izan zelako. Ordea, azarotik martxorako bidea ikusiz gero, sei lan izango ditugu kontuan. Eta ikuspegia eta sentsazioa bestelakoa izango da zalantzarik gabe.

Horregatik bada, ez da askotan egokia izaten gure sorkuntza urteka-urteka, soilik urteko uzta aipatuz lantzea. Iraupen luzeko begirada hobea izan ohi da, gurea bezalakoan, hutsune handiak dituen literatur sistema hausnartzeko orduan.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate