El Correo

«Bizitzako filosofia xumea aldarrikatzen du»

«Bizitzako filosofia xumea aldarrikatzen du»
/ E. C.
  • '¡Eh, Petrel! Cuaderno de un navegante solitario' liburuan oinarritutako Astrolabium Teatroaren antzezlana Campos Arterian taularatuko da bihar

«Banoa. Askatu ditut txikotak. Bizitza neurea da eta elkarrekin joango gara biok, eskutik helduta». '¡Eh, Petrel! Cuaderno de un navegante solitario' liburua horrela hasten bada, zer espero genezake argitalpenean oinarrituta dagoen obran, ez bada abentura eta ametsa? «Kontaketa modu poetikoan idatzita dago. Marinelen bitakora kuaderno bat izateaz gain, bizitzako filosofi oso polit bat aldarrikatzen du», azpimarratu du Mikel Sarriegik, antzezlanaren moldaketa egin duenak. «Egokitzapena egiterakoan galdera bat sortu zen nire barnean: zer egin ote du Juliok urte guzti hauetan?».

Ezagutzen ez dugunontzat, Julio Villar bidaiari eta mendizale donostiarra da. 60. hamarkadan Alpeetan eta Pirinioetan gidari gisa ziharduen bitartean, istripu larria izan zuen Montblanc-en eta zintzilik geratu zen, bi egun eta bi gau, erreskatatu zuten arte. Hamabost hilabeteko sendatzearen igarotzean, mundura bira emateko ideia garatu zuen eta, nabigazioari buruz ezer jakin gabe, Mistral deituriko motor gabeko belauntzi txiki batekin abiatu zen 25 urterekin. 1968an Bartzelonatik abiatu eta, 38.000 itsas milia egin ostean, Lekeitiora iritsi zen 1972an. «Ausarta izan zela esan nionean, bere erantzuna izan zen: ni mendizalea naiz», barre egiten du Astrolabium Teatroa 2010ean sortu zuenak. «Izan ere, oso prudentea izan zen... Izan beharko!».

Liburua egokitzerakoan, Sarriegik elkarrizketa bihurtu zuen. Lagun batek gaur egungo Julio Villarrekin berba egiten duen bitartean iraganako gertaerak mahaigaineratzen dira eta, 'flashback'-en bidez, 'E, Petrel!' argitalpenaren pasarteekin erantzuten dira. «Oraingo Julio eta Julio gaztea agertzen dira». Horrela, abentura hartara bultzatu zuten arrazoien berri izango dugu, haren nortasunean barneratuko gara, eta bidaia gogoangarri hartako zenbait pasadizo biziko ditugu. Alvaro Garayaldek lagunaren papera betetzen du eta protagonista rolean Mikel Sarriegi bera aritzen da. Musika zuzenean joko du Iñaki Dieguezek.

Xumea

«Bere filosofia oso xumea da, hots, oso gauza gutxirekin asko egitea; erritmoak ere garrantzitsuak dira, isiltasuna, moteltasuna... Julioren esentzia mantentzen saiatu gara», ziurtatu du zuzendariak. Oinarri horri eutsiz, ez dira elementu gehiegirik agertuko taula gainean. «Hiru kaxarekin dena egingo dugu, zerbait mugikorra erabili nahi baikenuen. Gauzak asko erakutsi baino, iradoki egingo ditugu. Ikuslegoari dagokio asmatzea non eta nola gertatzen diren gauzak».

Nahiz eta eszenaratze apala izan, obran denetarik agertuko da. Maitasuna, bakardadea, beldurrak, itsasoa, «¡nola ez!», izarrak, haizea... «Azkenengo elementu hau lotura gisa erabiltzen dugu, oso garrantzitsua baita Julioren bizitzan zehar. Izan ere, 'leitmotiv' bezala aukeratu nuen joko bat egiteko», dio Sarriegik. «Gaur egun bizi den tokian, Tarragonan daukan masia batean, parke eoliko bat eraiki nahi izan zuten eta salatu egin zuen. Hortaz, beti alde izan duen haizea bat-batean kontra bueltatu zen».

Ordubete inguruko lan honetan Julioren hainbat alderdi agertuko dira: batetik, mendizalea, abenturazalea eta nabigatzailea; eta, bestetik, Julio ameslaria eta poeta. Naturak eta Lurrak liluratuta bizi den pertsona ulertzen saiatuko gara, gure bizimoduari eta egungo gizarteari beste ikuspegi batetik begiratzera gonbidatzen gaituen antzezlan honetan. Emaitza, bihar, 20etatik aurrera, Campos Antzerkian.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate