El Correo

Loraldiak ez du abiadura murriztu

Loraldiko laugarren astean parte hartuko duten artistak.
Loraldiko laugarren astean parte hartuko duten artistak. / Loraldia
  • Egitarauaren erdialdera ailegatu arren, ikuskizun anitzez beteriko programazioa dakar udaberriko festibalak aste honetan

Negua zen Loraldia hasi zenean, baina udaberriari ongietorria jadanik eman diogu eta eguzkiarekin batera festibala bere ekuatorera heldu da. Martxoan zehar hainbat produkzio ezberdinak ikusi ahal izan dira Bilboko espazio kulturaleetan: Kukai Dantza Konpainia birritan, 'Ez dok hiru!' antzerkia, Xabi Aburruzagaren trikitixa eta 'Strip-tease' izeneko ekoizpen propioa, besteak beste. Hala eta guztiz ere, hurrengo programazioak badu eskaintzekorik. Eta lehen mailako artistekin, jakina. Mikel Martinez, ITU banda, Izaro, Hesian edota Kirmen Uribe.

«Loraldiaren leloa zubiak eraikitzea da», gogoratu zuen Aitor Narbaizak, festibalaren antolatzaileetako batek, etorriko diren ikuskizunen aurkezpenean. Izan ere, aste honetan zehar literatura, antzerkia, dokumentala, musika eta bertsolaritza egongo dira, gehienetan nahastuta. Gainera, askok dohainik izango dira. «Hilabetea amaitzear dago eta kontuan hartu nahi izan dugu», adierazi zuen Narbaizak tantxetan. Lehenenbiziko solasaldia Kattalin Minerrek eta Danele Sarriugartek partekatu zuten. Asteartean Poza Lizentziatuko Elkar Dendan. Hernaniko kazetariak eta ekintzaile feministak kaleratu berri duen 'Nola heldu naiz ni honaino?' izenburuko lehen liburua aitzakitzat hartuz, literaturari, idazteko prozesuari eta gaur egungo beste zenbait gaiei buruz aritu ziren. «Lan baten aurkezpena ez du misterio handirik», onartu zuen egileak.

Gaur antzerkiak hartuko du lekukoa Bilbao Kafean. Mikel Martinezek eta Irati Agirreazkuenagak Dario Fo eta Franca Rameri egingo dieten omenaldian irakurraldi dramatizatuak eta bakarrizketak tartekatuko dituzte. «Gauza xumea, baina polita izango da», azaldu zuen Patxo Telleriaren laguntzarekin aurtengo edizioari hasiera eman zionak. Aktore eta antzerkigile italiarra urrian hil zen; bere bikoteak, berriz, duela lau urte. 'Biba voi!' emanaldian zehar 'Pistolaren begi zuri beltzak', 'Anarkista baten ustekabeko heriotza', 'Mistero buffo', 'Tutta casa, letto e chiesa' eta beste lan batzuk gainbegiratuko dituzte. «Jendeak agian izenak entzun dituzte baina euren lana ez dute ezagutzen», azpimarratu zuen Martinezek. «Bikote banaezina osatzen zuten, bidezkoa da, beraz, bion irudia goraipatzea eta Francari ikusgarritasuna eman», gehitu zuen Agirreazkuenagak.

Musika, protagonista

Bihar ITU literatur bandako idazle gazteak eta Kaluse taldeko rock psicodelikoa uztartu egingo dira 40. hamarkadan Pasai Antxoko euskara irakaslea izan zen Isabel Iturberen bizitza hurbiltzeko. «Dakiguna oinarri hartuta, fikziozko istorio bat idatzi dugu», argitu zuen Mikele Landak, taldeko kide batek. Haren jatorrira begiratu nahi baliote bezala, ikuskizuna Itsas Museoan taularatuko da. Aurreko edizioetan bezala soinu berrien kontzertuak Badok-en eskutik datoz. «Euskal musikariaren ataria sortu ondoren, orain erakusleiho bihurtu nahi dugu, sorkuntza guzti hori ezagutarazteko eta zalbaltzeko», azaldu du Jon Eskisabelek, Badok atariaren editoreak. Aurten hiru emanaldi ekarriko dituzte, guztiak datorren larunbatean, baina lasai egon gaitezke ez baitira gainjartzen. Izaro Mallabiako abeslariak lehenengo diska aukeztuko du Ronda kaleko Biba! tabernan, 19.00etan; Lukiek eta Hesian, berriz, Kafe Antzokian egongo dira, 21etatik aurrera Mungiakoak eta, ordu erdi geroago, Sakanoak, taldearen hamargarren urteurrena ospatzen dabiltzatenak.

Astea Guggenheim museoan amaituko da, igandeko eguerdi aldera. Kirmen Uribek, Harkaitz Canok eta Andu Lertxundik aurrez egin zuten bezala, testu bat sortu du Loraldian plazaratzeko, kasu honetan, geroaren inguruan. Ipuina ikuskariaren haria izango da eta horri, hain zuzen ere, erantzungo diote Oihana Bartra eta Alaia Martin bertsolariek. Josu Goiko gaiak proposatuko ditu eta Anjel Unzuk soinu-banda jarriko du. «Nahiz eta idatzita egon, bertsoak behin baino ez botatzen diren moduan, behin bakarrik irakurriko da istorioa», nabarmendu zuen egileak. 1917an, Lehen Mundu Gerran, kokaturiko kontakizuna izango da. «Gaur egungo ildoren bat benetako bizipenak berreskuratzea da. Hortaz, Lekeition bizi izan ziren bi nerabe alsaziarren istorioa asmatu egin dut. Haiek ez dira frantziarrak ezta alemaniarrak ere, baina gerrak...», eten egin zen mamia azaldu barik. Izan ere, Uribek ez zuen ezta geroarekiko harremana argitu nahi ere. «Etorri beharko duzue».

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate