El Correo

Txalaparta eta pintxoak Londresen

Txalaparta eta pintxoak Londresen
/ Fernando Gómez
  • Erresuma Batuko hiriburuan ospatuko da asteburu honetan Baskfest jaialdia, non bertan bizi diren euskal artistek euren kultura erreibindikatuko duten

Euskal kulturak bere txokoa izango du asteburu honetan Londresen. Dalston auzoan dagoen The Hive kultur-etxean 'Baskfest' jaialdia ospatuko da, Erresuma Batuko hiriburuan bizi diren euskal artisten emanaldi, lan eta produktuekin. Arzakek desainatutako pintxo bat dastatzeko aukera izango dute azaldutakoek, txalapartaren soinuaz eta dantzaz osaturiko programa berezian.

Asteburu osoan zehar, Donostia 2016-ren baitan sartzen den ekitaldi honek euskal usadioak esploratuko ditu, eremu ugariko jardueren bitartez. Batez ere, musika, zinema, argazkigintza eta gastronomia izango dira protagonistak Londresen, izen oneko artisten presentzia izango duen jaialdian. Izan ere, euskal jatorria duten parte hartzaileak Londresen dagoen diasporaren inguruan arituko dira, euren ikuspuntua jakinarazteko helburuarekin.

Indar handiz hasiko da jaialdia ostiralean, zuzenean eskainiko diren hainbat ikuskizunekin. Horien artean, Felipe Ugartek eta Juan Ignacio Otegik txalapartarekin duten trebetasuna erakutsiko dute, Ernesto Sarezalek 'performance' bat prestatu duen bitartean. Egun horretan bertan, gainera, ikusleek Arzakek landutako 'Baskfest' pintxoa probatu ahal izango dute, ardo zuriaz lagunduta.

Larunbatean, erakusketa aretoak egun osoan zehar izango dira zabalik, eta Juanan Ugartek bere ikuskizuna eskainiko du. Elektro-pop-a eta folk-a errege bihurtuko dira gauean, Liberez eta Isa Suarez Band-ren eskutik. Musikarekin batera, gainera, Aratxa Echartek eta Isa Suarezek berak euren marrazketa ikuskizuna burutuko dute, gastronomiari ere bere eremua utziz.

Txalaparta tailerra eskainiko du Felipe Ugartek igandean, jaialdiari amaiera emanez. Baina ez da ekitaldi bakarra izango, 'Nomadak' eta 'Mugaritz' dokumentalek eta Guillermo Presaren kontzertuak 'Baskfest' amaitutzat emango duten bitartean. Euskal kulturak bere aztarna utzi nahi du Europako hiriburu nagusienetako batean.