Poesia eta irakurraldien topalekuan bihurtuko da Ea, bihartik aurrera

'Marrazkia azalean, azala hitzetan’ lelopean egingo dira errezitaldiaren egunak Mikel Martinez, Uxue Alberdi eta Ismael Manterola tartean dirala

IRATXE ASTUI EA

Udako proposamen erakargarrienetariko baten bihurtu da Poesia Egunak izeneko ekimena, Ean. Aurtengoan be, Herrijjeri emon arnasa Kultur Taldearen eskutik, poesia, hitza eta irakurraldi antzeztuak buztartzen dauan hitzorduak izango dira bihar hasita eta domekara arte kostaldeko herrian.

Hiru egunetako egitarauaren aurtengo edizinoko leloa ‘Marrazkia azalean azala hitzetan’ izango da. Lehenengo jardunaldia Mikel Martinezen eta Irati Agirreazkuenagaren ‘Biba voi! Dario Fo eta Franca Rame akorduan’ irakurraldi antzeztuagaz hasiko da, 20:00etan, Eskolondo liburutegian. Eszenatokia berean, ‘Erori da, erori da Gernika libre hura!’ irakurraldiagaz jarraituko dau Martinezek, 20:40ean. Eskolapen, barriz, Isaac Xubinek ‘Izenak, sagutxo bat eta itsasontzia’ errezitaldia eskainiko dau, 22:00etan.

Zapatuan, Xabier Gantzarain agertuko da Eskolondon ‘Egunak ihesi doaz basazaldiak bezala mendiez gaindi’ hitzaldiagaz. Aurretik, baina, Uxue Alberdi, Iñaki Zabaleta eta Txakur Gorriak ‘Alfonsina eta Itsasoa’ errezitaldia eskainiko dabe, moilan. Herri bazkariaren ondoren, Inun eta Amaiur B. Blascok kantaldi-errezitaldi eskainiko dabe, Bedaronako plazan, 17.30etatik aurrera.

Ertza konpainiak ‘Hariak’ ikuskizuna aurkeztuko dau iluntzean eta Anticontinente taldea Eskolapen izango da, 23:00etan. Domekan amaituko dira Eako Poesia Egunak. Ismael Manterolak, ‘Artea literaturaren kontra’ berbaldia eskainiko dau (11:00) Eskolondon, eta 13:00etan, barriz, Karabansai konpainiaren ‘Ele! Lorca-Lauaxeta’ ikuskizuna izango da.

Gabriel Arestiren omenez jaio ziran jardunaldiak amaitzeko, Yolanda Arrieta, Leire Bilbao, Pello Ramirez, Sahatsa Ramirez eta Ainara Azpiazuren ‘Aho bete amets: haurrak, poesia eta gu’ errezitaldia izango da entzungai bolatokian.

Temas

Ea

Fotos

Vídeos