Mendi martxak, jokoek eta tostada txapelketak girotuko dabe Demikuko jaiak

IRATXE ASTUI BERMEO.

Asteburuan ospatuko dabez Kandelaria eguneko jaiak Bermeoko Demiku auzoan. Herriko Udalak eta bertako auzotarrek, izan be, datozen egunetarako ekintzez beteriko programa zabala antolatu dabe. Bihar, Kandelaria Eguna, 11.30ean botako dan txupinazoagaz hasiko da jaieguna. Eguerdiko meza ospatu ostean, bestalde, luntxa eta auzokideen arteko tostada lehiaketa eta sari banaketa izango dira. Trikitixaren soinuak, gainera, goiz partea girotuko dau auzo bermeotarra.

Domekan, 11.30etik aurrera, gaztetxoentzako jolasak, pinatak eta saku-lasterketa izango dira protagonista, besteak beste. 13.00ean meza nagusia izango da auzoko baseliza eta, ondoren, luntxa trikitilariek alaituta. Kandelaria eguneko jaiei otsailaren 11n ekingo deutse barriro Demikuko bizilagunek. Egun horretan, izan be, XI. Mendi martxa egingo da.

Ibilbide luzea (25 kilometro) 8.30ean hasiko da, eta laburra (12 kilometro), 10.00etan. Demikuko Mendi Martxea talde antolatzaileak adierazi dauenez, ekimen horretan parte hartzen dabenek «Bermeoko Demiku auzoko inguruetako zelai, baso eta paisaiekin gozatu ahal izango dabe». Izena emoteko, http://demikumartxa.blogspot.com webgunean sartu behar da.

Temas

Bermeo

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos