Herriko musika zaletasunen barri eukiko gura dau Bermeoko Jai Batzordeak

IRATXE ASTUI BERMEO.

Bermeoko Jai Batzordeak herritarren musika zaletasunak ezagutzeko ekimen barria martxan ipiniko dau gaurtik aurrera. Izan be, herriko jaiak antolatzearen ardura daukan taldearen kideek postontzi bat ipiniko dau udalerriko leku jakinetan bermeootarrei euren musika zaletasunei buruz galdetzeko.

Buzoia gaurko jaialdi solidarioan ezarriko da lehenengoz, eta, bertan bi galderei erantzuna emoteko aukera eukiko dabe herritarrek. «Batetik, 'Zein da gehien gustatzen zaizun musika mota?' galdera luzatuko dogu; eta bestetik, 'Jaietarako beste ekintza proposamenik baduzu?'», zehaztu dabe Bermeoko Jai Batzordeko lagunek. Postontzia, ondoren, Erroxape herriko emakumeen elkarteko lokaletara eroango da eta baita Demiku jubilatuen elkartera be. «Herriko ikastetxeen jaietan, Ignacio Arocena institutuan, udal liburutegian, musika eskolan eta Hermanuetako kapilara be eroango dogu kutxa bera», aurreratu dabe.

Datorren hiletik aurrera, bestalde, Gizarte eta Kultura Etxean aurkituko dabe non egin euren proposamenak bermeotarrek; eta maiatzean, Arrain Azokara atarako da. Jai Batzordeak, bestalde, herritar guztiei zabalik dagoela gogora eragin gura izan dau. «Jaiak guztion gustokoak izatea lortu ahal dogu holan».

Temas

Bermeo

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos