Finalaurretarako txartela lortu dabe Busturialdeko bertsolariek BBK sariketan

Busturialdea eta Enkarterri-Ezkerraldea taldeak izan ziran atzoko kanporaketan. /  B. B. E.
Busturialdea eta Enkarterri-Ezkerraldea taldeak izan ziran atzoko kanporaketan. / B. B. E.

58,5 puntuko aldea atara eutsien bertoko gazteek Enkanterri-Ezkerraldeko ordezdezkariei atzo Zallan jokatu zan bigarren kanporaketan

IRATXE ASTUI BERMEO.

Busturialdeko bertsolariek BBK sariketako finalaurrekoetan kantateko txartela lortu dabe, Zallako Zinema Antzokian, atzo, jokatu zan bigarren kanporaketa irabazi eta gero. Bertakoek 451,50 puntu batu ebezan eta Enkanterri-Ezkerraldeko gazteek, bestalde, 393 puntu. Talde bien arteko aldea -58,50-, beraz, nabarmena izan zan.

Atzoko kanporaketa irabaztea lortu dauenez, Busturialdeak Durangoko Fray Juan Zumarraga institutuan jokatuko dau lehenengo finalaurrea, hilaren 12an, hain zuzen be. Saio horretan Durangaldea izango dau aurrez aurre.

Zallako saioan, gaztetxoen mailan -18 urtera arte-, Busturialdeko Oier Errementeria, Janire Arrizabalaga eta Beñat Bilbao igo ziran oholtza gainera, eta Enkarterri-Ezkerraldeko ordezkariak Garikoitz Mantzisidor, Gari Morgado eta Peru Irastorza izan ziran. Nagusien mailan -24 urtera arte-, Busturialdearen izenean, Lurdes Ondaro, Ibai Amillategi eta Aitor Etxebarriazarraga agertu ziran eta Enkarterritik Nuria Cordada, Asier Alcedo eta Ander Ucelay abestu eben.

Zallako saioko aurkezlea Zihara Enbeita izan zan, eta epaimahaian Eneko Aldana, Ander Elortegi eta Miriam Juaristi egon ziran. Idazkari lanetan Ione Narbaiza ibili zan. Saiketako hirugarren kanporaketea, datorren astelehenean jokatukoda, Deustuko Bidarte auzo-etxean. Saio horretan, Hego Uribeko eta Uribe-Butroeko seikoteak izango dira publikoaren aurrean.Bertsolari Gazteen XXVI.BBK Sariketako laugarren eta azken kanporaketa datorren martitzenean jokatuko da, Markina-Xemeingo Kultur aretoan.

Lea-Artibai, martitzenean

Horretan, Lea-Artibaiko bertsolariek kantatuko dabe, Uribe Kostakoakaz batera. Hitzordua 10.45ean izango da. Sariketako finala, bestalde, Bilboko BBK Salan jokatuko da, martiaren 22an. Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Sariketa bezalako lehiaketa baten indar-guneetako bat bertsolari gazteenei emoten deutsen aukera izaten da, «beren buruari proba jarri eta erronka egiteko», azaldu dabe lehiaketaren antolatzaileek.

«BBKk kulturari, eta bereziki Euskadiko kultura eta hizkuntzaren tradiziozko adierazpenak bultzatzeko diran ekimenei, laguntzeko daukan apustuan sartzen da sariketaren antolaketa», azaldu dabe iturri bardinek. Lehen edizioa 1992an egin zan, eta jada orduan Euskal Herrian errotuen dagoen ahozko euskal kulturaren adierazpideetako bat sustatzeko helburua izan eban. Sariketaren igezko edizioa Busturialdeko bertsolari gazteen talde biak irabaztea lortu eben.

Temas

Bermeo

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos