Finalaurrekoetan sartzeko aukera galdu dau Lea Artibaik bertsolarien BBK sariketan

Azken kanporaketa Markina-Xemeinen jokatu zan atzo. /  MAIKA RO
Azken kanporaketa Markina-Xemeinen jokatu zan atzo. / MAIKA RO

Atzo, Markina-Xemein jokatutako azkenengo kanporaketan, Uribe-Kostako ordezkarien atzetik gelditu ziran bertokoak

IRATXE ASTUI GERNIKA-LUMO.

Bertsolari Gazteen XXVI. BBK Sariketa aurrera doa. Atzo, izan be, kanporaketa fasearen laugarren eta azkenengo saioa jokatu zan, Markina-Xemeingo kultura aretoan eta herriko bi ikastetxeetako ikasleen aurrean. Lea-Artibaiko taldekoek 343 puntu batu ebazan bitartean,Uribe-Kostako taldekoek barriz, 390,5 puntu egiten irabazi eben. Hori dala eta, etxekoek finalaurrekoetan egoteko aukerea galdu dabe aurtengoan.

Atzoko saioko aurkezlea Ainhoa Urien izan zan, eta epaimahaian Inazio Vidal, Juanjo Respaldiza eta Miriam Juaristi egon ziran. Idazkari beharretan, Maddi Ibaibarriaga ibili zan. Lea-Artibairen ordezkari, Antton Bereziartua, Eneko Barruetabeña eta Bittor Altube igo ziran taula gainera gazteetan, eta nagusietan, Alexander Idoeta, Aitor Ruiz eta Nahia Ibarzabal. Uribe-Kostako seikotearen barruan, Aritz Landeta, Maider Barañano eta Naroa Torralba 18 urtera artekoetan agertu ziran, eta Paule Loizaga, Unai Mendiburu eta Kerman Diaz 24 urtera artekoetan.

Uribe Kostak BBK Sariketako bigarren finalaurrekoa jokatuko dau, hilaren 13an, Sopelako Ander Deuna ikastolan. Talde horrek, Hego Uribeko seikotea izango dau aurrez aurre. Beste finalaurrekoa, barriz, hilak 12an jokatuko da, Durangoko Fray Juan de Zumarraga institutuan, eguerdi partean. Lehia, kasu horretan Busturialdearen eta Durangaldearen artean egongo da. 48 bertsolaritik gora parte hartzen dabilz Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren XXVI. edizioan, eta azken finala Bilboko BBK Salan izango damartiaren 22an.

Zortzi talde

Sariketak, aurtengoan be, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eta Ikastolen Elkarteko Bertsolaritza atalaren laguntza dauka. Aurreko edizioetan legez, taldekako formatuan egiten da lehiaketa. Guztira, zortzi taldek parte hartzen dabe, bakotxan seina bertsolarirekin, eta Arratia, Busturia, Durango, Enkarterri-Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe-Butroe eta Uribe-Kosta eskualdeen ordezkariak dira.

«Lehen edizioa 1992an egin zan, eta jada orduan Euskal Herrian errotuen dagoen ahozko euskal kulturaren adierazpideetako bat sustatzeko helburua izan eban», azaldu eben sariketako antolatzaileek.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos