Euskararen aldarria 'miñen puntien' dago

Edozein egoeretan adierazbide egokia dala aldarrikatuko dabe. /  M. S.
Edozein egoeretan adierazbide egokia dala aldarrikatuko dabe. / M. S.

Busturialdea eta Lea Artibaiko herrietako erakunde eta eragileek antolatu dabez hitzorduak, gaurtik barikura arte

IRATXE ASTUI BERMEO.

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira hainbat ekitaldi antolatu dabez Busturialdeko eta Lea Artibaiko euskalgintzako eragile eta herriko erakundeek. Bermeon: 'Miñen Puntiegaz' abestiaren koreografia, hitzaldiak, arraunaren txokoa, umeentzako jokoak, mendi ibilaldia, ikastetxeetako ekimenak antolatu dira jaiegunaren inguruan. Kalinpan maskotak be hainbat ekimenetan parte hartuko dau Euskaren Eguna ospatzeko.

Bihar, Euskeraz Berbetan taldeak antolatuta, Jakoba Errekondo agronomo eta paisajistaren hitzaldia entzuteko aukera izango da, 19.00etan. Zapatuan, bestalde, arraunaren txokoa zabalduko dabe Lameran, 11.00etatik 15.00etara. Bertan, «lau ergometro eta gabarra bat ipiniko dira gura dauenak euskararen alde arraun egiteko», animatzen dabe parte hartzera. Domekan, Euskararen Egunean hain zuzen be, 'Euskaraz bizi nahi dut' ekitaldiari hasiera emongo jako, Portalen (9.00etan) hasiko dan mendi ibilaldiarekin herriko inguruak ezagutzeko.

Eguerdi partean, umeentzako ekintzak izango dira Lameran, eta leku berean, 13.00etan, 'Euskaraz bizi nahi dut' ekitaldi berezia ospatuko da. «Horretan, Berbalagunek antolatutako lehiaketaren sari banaketa egingo da, eta bertsolari, irrintzilari eta euskal musika entzuteko aukera izango dugu», aurreratu dabe antolatzaileek.

Euskararen eguneko adierazpena irakurri eta gero, Bermeoko herriko musika taldeetako 15 musikarik euskaraz dantzatzeko eta abesteko sortu eben 'Minen puntiegaz' abestiaren koreografia aurkeztuko da publikoaren aurrean. Herriko ikastetxeetan be antzerkiak, tailerrak, jokoak, ipuinak eta kultur ekintzak egingo dira, besteak beste.

Gernikan, bestalde, hamaika orduko irakurraldian parte hartzeko aukera zabalduko da, bihar, Elai Alai aretoan, 9.00etan hasita eta 20.00etara arte. «Aurtengoan, Bernardo Atxagaren 'Obabakoak' liburua irakurriko dogu, zatika», aurreratu dabe Berbalagun taldekoek. Ostean, eta urtero lez, «familia argazkia atara eta kopaua izango da guztiontzat». Domeka arratsaldean, 'Euskera olgetan errotu' kanpainaren azken jaialdia ospatuko da, Jai Alai frontoian.

'Handia' ikusgai

Lea Artibain, Lekeitioko Udaleko Euskara sailak, euskara lan taldekideekin batera antolatutako jaialdira joateko deialdia zabaldu dau herrian. Hitzordua Ikusgarri zine aretoan izango da, 12:00etan. Markinan be, euskarari aupada emongo deutse, Euskara Batzordearen eta herriko hainbat talde eta elkarteren ekimenez.

Hain zuzen be, Mintzodromoa, kontzertuak, 'Euskerean Eupadea' lehiaketaren finala, Xemein Abesbatzaren emonaldia eta baita 'Handia' filmaren proiekzioa izango dira, besteak beste, gaur hasita eta domekararte. Ondarroan Zaldupe eskola publikoko Hondar Ahua guraso elkarteak danborrada antolatu dau. Zaldupetik atarako da, 12.00etan.

Temas

Bermeo

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos