Su artifizialak eta itsaski paellagaz ospatuko dabez San Antonio jaiak, Abinan

IRATXE ASTUI BUSTURIA.

Busturiko Abinako auzokideek San Antonio jaiak ospatuko dabez gaur. Jai eguna, hain zuze be, santuari eskainitako auzoko elizatxoan egingo dan meza nagusiagaz hasiko da, eguerdiko hamabietan. Ondoren, eta urtero legez, ohorrezko aurreskua dantzatuko da baselizaren aurrean. Hortik aurrera, auzokideek eta bisitariek tabernarik tabernara ibiliko dira eguerdi partean, Etxebarria trikitilarien soinu alaiak lagungarri.

«Sardina jana be egingo dogu 13,15etatik aurrera. Euro bana platera salduko dogu», aurreratu dabe Abinako auzotarrek. Arratsaldean, umeak hartuko dabe protagonismo osoa. Izan be, eurentzako jolasak antolatuko dira eta 'Urandere' itsasontzian erromerian parte hartzeko aukera be eukiko dabe, 17.00etatik aurrera. «Sandinderin izango da hitzordua», zehaztu dabe. Arratsaldeko seiretako meza ospatu ostean, bestealde, Baserri fashion trikitrilariak alaituko dabe auzoko giroa.

Depender's taldeak iluntzeko dantzaldiaz arduratuko da eta gaueko hamaikak joteagaz batera su artifizialak ipiniko deutse kolorea jaiegunari. San Antonio jaietako errepikatze eguna datorren zapatuan ospatuko da, Busturiko Abina auzoan. Programaren ekintza nagusia itsaski paellaren lehiaketa izango da egun horretan. «Izena emotea 12.00etan hasiko da», azaldu dabe. Eguerdi parteko erromeria Irrintzi Alairen eskutik egingo da eta kazolak aurkezteko momentua 14.30ean hasiko da.

«Ondoren, sari banaketari hasiera emongo deutsagu», zehaztu dabe. Arratsaldean, umeentzako jolasak eta Apolillo kontu kontalariaren saioaren hitzordua helduko da. Erroxapeko Martxa musika taldeagaz, abestu eta dantzan egiteko aukera be izango da. Gaueko soinuak DJ Elektrik Showcasek ipiniko dauz.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos