El Correo

Alexander Vilenkin kosmologoaren hitzaldia, Bilbon, asteazkenean

Alexander Vilenkin.
Alexander Vilenkin.
  • Arratsaldeko 19:00etan izango da Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean

Alexander Vilenkin Tufts-eko Unibertsitateko (Boston, AEB) Fisika irakasle eta Kosmologia Institutuko zuzendariak 'Bestelako unibertsoak zerumugatik haratago' izenburuko hitzaldia eskainiko du asteazkenean, arratsaldeko 19:00etan, Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean. Hitzaldia Bilboko Udalak antolatu du, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Kultura Zientifikoko Katedrarekin lankidetzan.

Hitzordua Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, ingelesez, aldibereko itzulpenarekin. Sarrera doakoa izango da, baina beharrezkoa izango da aurretik gonbidapena jasotzea liburutegian bertan, asteazkenera arte, eta pertsona bakoitzari bi sarrera emango zaizkio gehienez. Aretoko leku guztiak bete eta gero ez da bertara sartzen utziko, baina hitzaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunean.

Hitzaldia 'Bidebarrieta Zientifikoa' ekimeneko jardueren artean dago. Ekimen horretan jasotzen diren programen artean daude 'Darwinen Eguna', 'Matematikak eguneroko jardunean' eta 'Emakumeek zientzia egiten dute', besteak beste. Egitasmoaren helburua zientzia pertsona guztiei hurbiltzea da, era atseginean eta didaktikoan.

Bere hitzaldian, Vilenkin irakasleak astrofisikako eta kosmologiako orain denbora gutxiko azken behaketak partekatuko ditu bertaratutakoekin. Behaketa horiek erakusten dutenez, unibertsoaren parte handia inflazio kosmologikoa izeneko hedapen azkarrago egoeran dago. Unibertsoa oso eskala handitan ikusteko era berria 'Multibertsoa' izenekoa ere zehaztasun osoz deskribatuko du, ideia horrek kosmologia modernoan duen jatorria, behaketan oinarrituta dituen ebidentzia posibleak eta unibertsoaren jatorriari eta etorkizunari buruzko teorietan dituen eraginak azalduz.

Unibertso goiztiarra

Alexander Vilenkin (Jarkov, Ukraina, 1949) bere belaunaldiko kosmologo teoriko ezagunenetako eta errespetatuenetakoa da. Ikerketan egin duen 35 urteko ibilbidean, unibertso goiztiarrari buruzko zenbait teoriaren azterlanean lagundu du. Denbora tarte horretan kosmologiako ideia berritzaileenetako eta irudimen gehieneko batzuk garatu ditu, besteak beste, betiko inflazio kosmologikoaren teoria, unibertsoa hutsetik sortu izana fluktuazio kuantiko gisa, edo soka kosmikoen azterketa.

Azken garaietan, unibertso anitzen existentziaren eraginak aztertzen aritu da, gure zerumugatik haraindi dauden espazio-denboraren guneak, gurearen aldean oso desberdinak diren ezaugarri fisikoak izan ditzaketenak.

Kosmologia modernoaren garapenari buruzko hedapen zientifikoko liburu hoberenetako baten egilea da: 'Muchos mundos en uno: La búsqueda de otros universos'. Horrez gain, ikerketaren alor horretan espezializatuta dagoen eta ohiko erreferentzia den beste lan bat ere idatzi du: 'Cuerdas cósmicas y otros defectos topológicos'.

Ukrainan jaiotako Vilenkinek 1971n lortu zuen lizentziatura Jarkov-eko Estatu Unibertsitatean. 1976an AEBetara joan zuen eta urte bakarrean doktoretza lortu zuen SUNY Buffaloko Unibertsitatean. Clevelandeko Case Western Reserve unibertsitatean doktoretza ondorengo ikerlari gisa denbora tarte laburra eman ondoren, Tufts-eko Unibertsitateko Fisika eta Astronomia Sailak kontratatu zuen.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate