El Correo

Harrera egiteko Baliabideen Mapa eguneratu du Bilbok

  • Atzerritarrentzat garrantzitsuak diren 122 zerbitzuak gehitu ditu udalak

Harrera egiteko baliabideen Mapak eskaintzen duen informazioa eguneratu du Bilboko Udalak, hirian bizi diren atzerritarrentzat garrantzitsiak diren 122 zerbitzurekin. Agirian biltzen eta sistematizatzen dira oinarrizko prozesu eta gestioetarako zerbitzurik eta baliabiderik garrantzitsuenak, adibidez, erroldatzea, zerbitzu sozialak eta publikoak, osasuna edo lana bilatzeko bitartekoak.

Bilboko Udalak 2014an argitaratu zuen mapa lehen aldiz, integrazioaren, gizarte kohesioaren eta elkarbizitzaren alde egiteko Bilbon dauden harrera baliabide nagusiak eta nola erabili behar diren ezagutarazteko.

Itziar Urtasun Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saileko zinegotziak esan duenez, «funtsezko baliabidea» da Bilbora heltzen diren pertsonei harrera egiteko plangintzan. Halaber, bere hitzetan, «jasotzen den informazioa orokorra denez gero, edukia interesgarria da bilbotarrentzat, askotan ez baitute jakiten zein baliabide duten eskura, esaterako, administrazioaren bulegoak, oinarrizko gizarte zerbitzuak, ostatu hartzeko zentroak, gizarteratzeko zentroak, komisariak, helduen etengabeko hezkuntza, gizarte jantokiak edo modulu psikosozialak».

Ekimena Herritarrei eta Aniztasunari buruzko II. Udal Planaren ekintzen artean dago. Plan hori oraintsu onartu da eta udalaren zerbitzu orokorrak eskuratzea erraztea bilatzen duen lan ildoaren barruan dago. Materiala kultur eta hizkuntza aniztasuna kontuan hartuta taxutu da eta informazioa zazpi hizkuntzatan jarri da: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, arabieraz, errumanieraz eta txineraz.

12.500 aleko tirada

Bilboko Udalak 12.500 aleko tirada prestatu du eta hiriko 367 lekutan banatuko da: udal bulegoetan, elkarteetan eta zenbait baliabide publikotan. Horrela, Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Sailak zabalkunderik handiena lortu nahi du. Era berean, baliabideei buruzko eta beste gestio batzuei buruzko informazioa www.bilbao.eus webgunean dago, Baliabide Gida eleanitzean.

Sareko gida horretan Baliabideen Maparen datuak eskaintzen ditu, zabalduta, Bilbora duela gutxi heldutako pertsona guztientzako funtsezko gaietan egin beharreko oinarrizko gestioen inguruan. Besteak beste zerbitzu hauei buruzko informazioa biltzen da: informazio zerbitzuak, osasun arreta, gizarte zerbitzuak, etxebizitza, enplegua eta hezkuntza, bai eta atzerrien dokumentazioa ere.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate