El Correo

Literatura, kirola, musika... Abusuko XI. kultur astean

  • 'Abusu, inguruarekin bat' lelopean, martxoaren 26tik apirilaren 2ra Arrigorriagan

'Abusu, inguruarekin bat' lelopean, martxoaren 26tik apirilaren 2ra Abusuko XI. Kultur Astea ospatuko da. Ekimena auzoko hezkuntza eta gizarte entitateek osatutako Abusu Sarean plataformak garatu du, Bilboko eta Arrigorriagako udalen babesarekin.

Egitarauari martxoaren 26an ekingo zaio, igandea; egun horretan, Malmasinera igotzeko irteera hezitzailea antolatu da, eta kultur astea aurkeztuko da; eguerdian erromeria izango da, Ibaizabal landan. Astelehenean Arrantza Eskola eta ipuin kontalaria izango dira; asteartean, berriz, parkeko zuhaitzetan plaka berriak jartzeko unea izango da, eta euskal perkusioko eskola ireki bat ere eskainiko da; ondoren, José Manuel López Marañón idazlearen Alcohol 99º liburua aurkeztuko da.

Horri lotuta, asteazkenean, hilak 29, Liburu Azoka abiatuko da, eta larunbatera arte egongo da zabalik, apirilaren 1era arte, alegia. Halaber, familientzako ginkana bat eta euskal dantzen eskola ireki bat ere antolatu dira; bidenabar, auzoan Abusutarrak kantuan taldearen doinuak ere entzungo dira. Hurrengo egunean, indarkeria matxistaren aurkako kontzentrazioaren ondoren, gitarra eta kantu errezitaldirako tartea izango da. Arratsaldez, 5 eta 14 urte artekoentzako sukaldaritza saioa, abesbatzak eta ekialdeko dantza hastapena tailerra eskainiko dira.

Asteburura iritsita, ostiralean 'irakurzaletasuna' gaitzat hartuta, Mannequin Challenge sinpatikoa egingo da; amaitzerakoan, amodiozko gutunen lehiaketako lan saridunak irakurriko dira. Arratsaldean, ostera, aerobitoia, 12-17 urte arteko gazteentzat argazki ginkana eta biola laukotea izango dira, baita Txani Rodríguezen liburuaren aurkezpena ere; ondoren, txokolatada eskainiko dute Ibaizabal landan, 20:00etan. Eguna amaitzeko berbena eta drogen gaiaren inguruko sentsibilizazio saio bat antolatu dira.

Larunbatean, apirilak 1, Korrika igaroko da herritik, eta eguna hasteko txikientzako tailerrak eta euskal dantzak antolatu dira; gero triki poteoa egingo da auzoan, eta ondoren, bertso bazkaria. Arratsalderako piragua jaitsiera prestatu da, eta gauean, berriz, erromeria Ibaizabal landan.

Bukatzeko, igandeko egitarauari ekiteko krosa eta xake txapelketa antolatu dira; halaber, haurrentzako tailerrak eta AHTari buruzko mahai ingurua ere izango dira egun horretan. Igela, pin-pona eta futbolina jarduerak ere antolatu dira, eta, programa bukatzeko, paella txapelketa eta bazkaria prestatuko dira.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate