El Correo

Poltsiko Musika zikloaren 13. edizioa hasi zen ostiralean Bilbon

  • Kontzertuak dohainik izango dira, eserleku guztiak bete arte, eta atzokoaz aparte, martxoaren 24an eta 31n eta apirilaren 7an izango dira

Bilboko Udaleko Kultura Sailak Poltsiko Musika programaren 13. edizioa hasi zuen ostiralean. Ikus-entzuleei hainbat herrialdetako musika joerak erakustea da helburua, bertako taldeen edo Bilbon bizi diren kanpoko musikarien eskutik, formatu txikiko kontzertuen bitartez.

Horrela, antolakuntzak jakinarazi duenez, Abando-Barrainkuako udal zentroak oso estilo ezberdinetako lau emanaldi eskainiko ditu apirilaren 7ra arte, hala nola jazz, pop-rock, swing, blues edo folk saioak. Kontzertuak dohainik izango dira, eserleku guztiak bete arte, eta atzokoaz aparte, martxoaren 24an eta 31n eta apirilaren 7an izango dira, 19:30etik aurrera.

Martxoaren 24ean Jesus Ayestaren txanda izango da. Abeslari eta konpositoreak 'De boca en boca' eta 'Historias de dos' diskoetako kantak interpreratuko ditu akustikoan, Joaquin Sabina, The Eagles, Serrat, Eric Clapton, Antonio Vega edo Revolver taldearen bertsioekin batera, besteak beste.

Hirugarren kontzertua, martxoaren 31n izango da, jazzean espezializatuta dagoen eta Malu Garay abeslari bilbotarra buru den taldearekin. Garayrekin batera, Raul Sainz de Rozas (gitarra), Jose Luis Canal (pianoa), Fabi Acarregui (kontrabaxua) eta Gorka Iraundegui (bateria) izango dira taula gainean, «swing asko duen jazz, blues eta bossa errepertorioa eskaintzeko».

Zikloa apirilaren 7an bukatuko da, Labritekin. Kantautore usurbildarrak 'Z8rtzi' hirugarren diskoa aurkeztuko du Bilbon. «Abeslariaren ahots gozo eta hunkigarriari argumentu elektronikoek eta melodia erakargarriek laguntzen dioten lan alaia», adierazi dute antolatzaileek.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate