El Correo

Begoñazpik bi proiektu aurkeztuko ditu First Lego League lehiaketaren finalean

  • Bilboko ikastolako ikasleek ingelesez aurkeztu eta azalduko dituzte proiektuok, eta, aldi berean, proiektuari dagozkien programazio eta robotika frogak gainditu beharko dituzte

Bilboko Begoñazpi ikastola First Lego League eskolarteko robotika, zientzia eta teknologia lehiaketaren Espainia mailako finalean izango da bihar, Logroñon, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolaturiko Euskadiko txapelketan lehen eta bigarren tokian geratu ondoren. Ikastola bilbotarrak bi proiektu zientifiko berritzaile aurkeztuko ditu finalean.

Begoñazpi final honetan bi talde aurkezten dituen Euskal Herriko lehen ikastetxea izango da, eta horrek, Merkat Bernaola ikastolaren zuzendariaren esanetan, «ikastolak zientzia eta teknologiaren alde egindako erronka» nabarmentzen du.

Riojaforum Errioxako biltzar jauregian izango dan finalean Estatuko 16 urte bitarteko neska-mutilez osatutako 51 taldek parte hartuko dute. Roboten diseinu eta programazioaz gain, proiektu zientifiko eta teknologikoak lehian izango dira, eta gaitasun berritzailea, talde lana, komunikazioa eta arazoei irtenbidea ematea ere erakutsi beharko dute.

Naturarekin harremana duten eta gertatzen diren arazoei irtenbide bideragarria ematen dieten bi soluzio berritzaile aurkeztuko dituzte Begoñazpiko DBH 4. mailako ikasleek. Horrela, Beelieve taldeak otsoaren erasoa jasotzean ardiek pairatzen duten estresa neurtzen duen gailu elektronikoa sortu du. Gailuak «emaitza bikainak» eman ditu jada, Neiker-Tecnalia ikerketa institutuaren eta Basondo Urdaibaiko Fauna Babeslekuaren laguntzarekin frogatu baitute ardiekin zein otsoarekin.

Bestalde, Faunity taldearen proiektuak supermerkatu eta dendetan erabiltzeko poltsa biodegradagarriak sortu ditu, toxikoa ez den eta uretan desegiten den polibinil alkohola (PVA) polimeroa oinarri hartuz. Poltsak sortzeaz gain, merkaturatzeko prest dauden enpresekin ere harremanetan jarri dira ikasleak, adibidez, Granadako Plásticos Alhambra enpresarekin.

Animalien kideak

Bi proiektuak bat datoz aurten txapelketak proposatutako gaiarekin: 'Animal Alies' (Animalien kideak). Begoñazpiko ikasleek ingelesez aurkeztu eta azalduko dituzte proiektuok, eta, aldi berean, proiektuari dagozkien programazio eta robotika frogak gainditu beharko dituzte.

Espainia mailako lehiaketak 13 talde eramango ditu mundu mailako zenbait lehiaketatan parte hartzera. Iaz, Begoñazpi ikastola Washingtonen izan zen mundu mailako finalean izan zan, paper zapi bustiak berrerabiltzea proposatzen zuen proiektu batekin.

First Lego League nazioarteko programa bat da, 88 herrialdetan baino gehiagotan ezarrita dago eta mundu osoko 255.000 gazteren artean bokazio zientifiko eta teknologikoa piztea bilatzen du, beti ere oso erakargarriak diren ikaskuntza esperientzien bidez, berrikuntza, sormena, talde lana, komunikazioa eta arazoen ebazpena sustatuz.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate