El Correo

Mikel Gurrearen 'Soka' maiatzean helduko da Arriagara

  • Iñaki Rikarte protagonista duen eta Fernando Bernuesek zuzentzen duen antzezlanak, Igorren istorioa kontatzen du

Bilboko Arriaga Antzokiak Donostia 2016ren Antzerkigintza Berriak proiektutik ateratako Mikel Gurrearen 'Soka' antzezlana eskainiko du maiatzaren 9an. Donostiako Victoria Eugenia Antzokiaren eta Tanttaka Teatroa konpainiaren ekoizpena da 'Soka' lanak.

Iñaki Rikarte protagonista duen eta Fernando Bernuesek zuzentzen duen antzezlanak, Igorren istorioa kontatzen du. Entrenamenduko sokarekin urkatuta 11 urteko ikasle baten gorpua aurkitzen duen gimnasia irakaslea da Igor. Inguruneak gertatutakoaren erruduntzat jotzen du eta baztertuta dauka, eta erruaren eta erantzukizunaren arteko mugak erakusten dituen bilaketari ekingo dio.

'Soka' lana Antzerkigintza Berriak proiektuaren lehen edizioaren emaitza gisa sortutako hiru antzezlanetako bat da. Donostia 2016 Fundazioak sustatu du Antzerkigintza Berriak, Victoria Eugenia Antzokiaren, Gasteizko Principal Antzokiaren eta Arriaga Antzokiaren lankidetzarekin eta SGAE Fundazioaren laguntzarekin. Beste bi lanak Olatz Gorrotxategiren 'Coordenadas' (Arriagak ekoitzia eta bertan estreinatutakoa 2016ko azaroan) eta Oier Guillanen 'Miss Karaoke' (Principalek ekoitzia eta apirilean 5ean bertan estreinatuko dena) dira.

Proiektuak aurki jarri du abian bigarren edizioa. Helburua da idazketa dramatikoa sustatzea eta hasten ari diren antzerkigileei, arte eszenikoekin erlazionatutako profesionalei eta artearen beste alor batzuetatik etorrita sorkuntza eszenikoan sartu nahi duten sortzaileei antzerkirako bidea zabaltzea. Victoria Eugenia, Arriaga eta Principal antzokien elkarlanari esker, antzezlan horietako batzuk eszenatokietara helduko dira.

'Soka' Arriaga Antzokian ikusteko sarrera 9 eta 15 euro artean erosi daitezke www.teatroarriaga.com webgunean, 946 850 850 telefonoan eta antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate