El Correo

Blas de Oteroren Eguna ospatuko da Bilbon ostiralean

Blas de Otero.
Blas de Otero.
  • Poetaren 101. urteurrenean egile bilbotarraren lanean oinarritutako 'Otero' diskoa aurkeztuko du kontzertu batekin Lucía Sócam Sevillako kantautoreak

Bilboko Udalak Blas de Otero poetaren jaiotzaren 101. urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatuko du ostiralean egile bilbotarraren lanean oinarritutako 'Otero' diskoa aurkeztuko duen Lucía Sócam Sevillako kantautorearen kontzertuarekin. Ordubete inguruko iraupena izango duen errezitaldia 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango da, aretoko leku guztiak bete arte.

Blas de Otero (1916-1979) 1950eko hamarkadako gizarte poesiak izan zuen ahotsik azpimarragarrienetakoa eta gaztelaniaz idatzitako literatura garaikidearen egilerik garrantzitsuenetakoa da. 2016an kulturarekin lotutako hainbat jarduera antolatu ziren eta poetaren bizitzan eta lanean adituak diren Pere Gimferrer, Antonio Colinas edota Antonio Martínez Sarrión Bilbon elkartu ziren, Blas de Oteroren jaiotzaren lehen mendeurrena ospatzeko. Aurten, aldiz, Blas de Oteroren Egunaren ospakizunak «soslai intimistagoa» izango du, Lucía Sócam kantautorearen ahotsean.

Blas de Oteroren lan osoak aztertzen hilabeteak eman eta gero, Sócamek bere iritziz gaur egungo egoerarekin lotura ezartzeko garrantzitsuenak edo ederrenak diren poemen aukeraketa eskaintzen du lan berrian. Artistak musikatu dituen poemen artean, konpromiso gehien erakusten duten poetaren bertsoetako batzuk daude, besteak beste, 'A la inmensa mayoría' edo 'Digo vivir'. Horrez gain, ikus-entzuleek Blas de Oterok duela denbora gutxi hil den Marcos Anari eskaini zion poema edo 'Canción para arrullar a la niña Julia Goytisolo' entzun ahal izango dituzte, beste askoren artean.

Poetei omenaldia

Lucía Sócam kantautoreak Espainiako 27ko Belaunaldiko poetei omenaldia eskaintzera bideratu du bere musika ibilbidearen parte handia, eta azken urteetan 27ko emakume idazleen obra ezagutarazten ahalegindu da. 2012an Rafael Albertiri eskainitako 50 omenaldi ingurutan hartu zuen parte, zenbait poetarekin eta kultur elkarterekin batera.

Bilboko Udalak eta poetaren legatua kudeatzen duen Blas de Otero Fundazioak elkarlan estua daramate aurrera, egilearen lana zaintzeko eta ezagutarazteko. Horrela, martxoaren 15ean urtero poetaren jaiotza ospatzen duen egun instituzionalaz gain, 2008an Blas de Otero - Bilboko Hiria Poesia Saria jarri zen martxan. Sari horren helburua literatur sorkuntza sustatzea eta Bizkaiko hiriburuko biztanleei, hiriak emandako egile garrantzitsuenetako baten irudia hurbiltzea da.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate