El Correo

Zinegoak jaialdiak 8.000 lagun baino gehiago bildu ditu Bilboko 14 aretotan egindako jardueretan

  • «Hedapena amaitzen denean, publikoaren balorazio orokorra egingo dugu, baina seguru gaude guztira 10.000 lagun baino gehiagotara helduko garela», azaldu du Pau Guillen jaialdiaren zuzendariak

Zinegoak Bilboko Gay-Lesbo-Trans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak 14. edizioaren balorazio positiboa egin du. Jaialdiak «apustu garrantzitsua» egin duela nabarmendu du antolauntzak, programazioa bikoiztuz (astebete izan beharrean, aste biko programa izan da) eta dokumentalen presentzia handituz, fikzioekin parekatuz. Horrela, antolakuntza pozik agertu da publikoak aldaketaren aurrean izan duen erantzunarekin, 8.000 lagun baino gehiago gerturatu baitira Bilboko 14 areto ezberdinetan antolatu diren jardueretara, aurreko edizioetan baino gehiago.

Dokumentaletan, adibidez, nabarmena izan da publikoak izan duen erantzuna, saio asko beteta egon direlako. «Hedapena amaitzen denean, publikoaren balorazio orokorra egingo dugu, baina seguru gaude guztira 10.000 lagun baino gehiagotara helduko garela», azaldu du Pau Guillen jaialdiaren zuzendariak.

Arriaga Antzokian egindako hasiera ekitaldia izan zen jarduerarik jendetsuena, eta, beste urte batez, Bilborock izan zen «publikoaren erreferentzia nagusia», aste bietan zehar publikoa mantentzea lortuz. BilbaoArtek ere «publiko fidela» izatea lortu duela azpimarratu du.

Era berean, jaialdiak «publikoa zabaltzen» jarraitu du eta jaialdiarekiko interesa handitu du (webguneko bisiten kopurua handitu da, hedabideetan izandako oihartzuna handitu da eta abar). Horri esker, «Zinegoak Bilboko jaialdietako erreferenteetako bat bihurtu da».

Kopuruez haratago, Zinegoak jaialdiaren antolakuntza pozik agertu da programazioak sortu duen interesagatik eta balorazio positiboagatik. Iraupena handitzeak ere erabateko onarpena izan du. Guillenek nabarmendu duenez, «edizio honetako apustu garrantzitsua zen, eta jende ugarik eskertu digu iraupena luzatu izana, denbora gehiago izan dutelako saioetara joateko eta euren burua antolatzeko».

33 udalerri

Orain, behin Bilbon eskainitako proiekzioak amaituta, Zinegoak jaialdia Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 33 udalerri zeharkatzen hasi da, Hedapenaren bidez, apirilaren 7ra arte.

Udalerriak honakoak izango dira: Aiara, Aramaio, Artziniega, Laudio, Abadiño, Bakio, Barakaldo, Basauri, Bermeo, Berriz, Durango, Erandio, Getxo, Igorre, Leioa, Mungia, Ondarroa, Portugalete, Sopela, Sestao, Urduña, Arrasate, Azpeitia, Donostia, Hondarribia, Hernani, Lezo, Ordizia, Tolosa, Zumaia, Iruñea eta Tutera. Herri bakoitzeko programazio zehatza www.zinegoak.com webgunean kontsulta daiteke.

Azkenik, hurrengo edizioei begira, Hegoak elkarteak (orain arte jaialdia antolatu duenak) Zinegoak elkarte sortu berriari lekukoa pasako dio. Elkarte berriak izango du aurrerantzean jaialdia antolatzeko ardura, eta sexu eta genero aniztasunagaz lotutako bestelako jarduerak ere antolatuko ditu, zinema eta kulturaren bidez. Urtean zehar, Zinegoak elkarteak prozesu bat zabalduko du bestelako elkarte, eragile eta norbanakoen parte hartzea sustatzeko, elkarte jaioberriaren baitan murgiltzeko eta funtzionamendu ireki eta barneratzailea sortzeko.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate