El Correo

Asiako liztorraren 2.556 habia kendu zituzten iaz Bizkain

  • Basalan bere gain hartu zituen jarduketa horietako 2.234, eta inguruabar berezietan gertatu ziren beste 322 Aldundiko Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak burutu zituen

Asiako liztorraren 2.556 habia kendu zituen Bizkaiko Foru Aldundiak 2016. urtean, foru erakundeak prestatu duen eta udalek lankide jardun duten jarduketa protokolo berria aplikatu den lehen urtean, hain zuzen. Basalan basoaren kontserbaziorako enpresa publikoak bere gain hartu zituen jarduketa horietako 2.234, eta inguruabar berezietan gertatu ziren beste 322 Foru Aldundiko Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak burutu zituen.

Elena Unzueta Bizkaiko Aldundiaren bozeramaileak adierazi duenez, abuztuan eta irailean kendu zen liztor habiarik gehien, espezie horrek bi hilabete horietan izaten baitu jarduera biologikorik handiena. Zehazki, irailean 532 liztor habia kendu ziren, eta abuztuan 483.

Urteko azken bi hilabeteetan ere jarduketa kopuru aski handia izan zen, sasoi horretan zuhaitzak orri barik geratzen baitira, lizto habiak agerian geldituz, jarduera biologikorik izan ez arren. Horrela, azaroan 396 habia kendu ziren, eta abenduan 382.

Datu hauen arabera, Bizkaian, 'Vespa velutina' izeneko liztorraren habien ezabatzeak %45 igo ziren iaz, 2015. urtea erreferentziatzat hartuz, ekitaldi horretan mota honetako 1.752 jarduketa burutu baitziren. Hazkundearen arrazoi nagusia egun indarrean dagoen protokoloaren eraginkortasun handiagoa da (habiak kentzeko lehen egon zen sistemaren aldean).

Nolanahi ere, Asiako liztorraren aurkako borrokarako protokolo berria ezarri denetik ia urte bete igaro ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak hausnarketa prozesua abiarazi du protokoloan modu aktiboan esku hartzen duten udalekin batera. Jarduketa plan honekin lortu diren emaitzak ebaluatzeko prozesua da, 2016ko apirilean onetsi zen sistema hobetzeko ezarritako jarraibideetan izan daitezkeen hobekuntza aukerak sumatzeko asmoz, baldin eta horretarako aukerarik badago.

Unzuetak gogoratu du protokoloa 2016ko uztailaren 1ean jarri zen abian, eta lurralde osoko udalek landu dute, Bilbok izan ezik. «Toki erakundeek funtsezko erantzukizuna dute arlo horretan, auzotarren abisuak zuzenean jasotzen dituztelako eta habiak benetan Asiako liztorraren espezieari dagozkiola egiaztatzen dutelako», azaldu du.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate