El Correo

Urdaibaiko udalekuetan izena emateko epea zabalik da

Neska batzuk baloiarekin jolasten Sukarrietako udalekuetan.
Neska batzuk baloiarekin jolasten Sukarrietako udalekuetan.
  • Sukarrietakoa ekainaren 26an irekiko ditu bere ateak eta abuztuaren 12an itxiko du

Urdaibaiko erreserba naturalean urtero antolatzen diren udalekuetan izena emateko epea asteazken honetan zabaldu da, «Bizkaiko neska-mutilek egun ahaztezinak bizi ditzaten naturaren erdian». Izena emateko epea apirilaren 6ra arte egongo da zabalik eta 1.200 plaza baino gehiago eskainiko dira 7-13 urtekoentzat (2004 eta 2010 artean jaiotakoentzat).

Eskaerak BBKren webgunearen bidez egin ahal izango dira. Halaber, berritasun gisa, izena emateko 'BBK eta Zu' atari berrian erregistratu behar da, eta 'Udalekuak' atalera sartu plaza eskatzeko. Maiatzeko lehen hamabostaldian posta elektronikoz eta SMS bidez jakinaraziko die BBK-k familiei lekurik izango duten edo ez.

BBK-k prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, Urdaibai biosferaren erreserban naturarekin bizitzen ikasteko eta bizikidetza sustatzeko diseinaturiko jardueren programa zabala izango dute txikienek. Programan, bela, piragua, itsasontzian paseoa, kirol instalazioak erabiltzea, askotariko tailerrak eta txangoak sartzen dira.

182 euro, ume bakoitzeko

Hain zuzen, Sukarrietako udalekuak ekainaren 26an hasiko dira eta abuztuaren 12ra arte egingo dira, seina eguneko zazpi txandatan (sei euskaraz eta bat ele bietan). Prezioa 182 euro da ume bakoitzeko. Kutxa Fundazioak Arotz-Enean urtero antolatzen dituen udalekuekin osatuko da datorren udan ikasleentzako aisialdi-eskaintza; Nafarroako Larraun bailaran dago Arotz-Enea.

BBK Gizarte Ekintzak sorreratik gauzatzen dituen ekimen eta proiektuen artean, BBK udalekuak «hobekien sustraituriko eta estimatuenetariko jarduerak dira». Proiektua 1960ko hamarkadan sortu zen lana eta familia bateragarri egiteko aukera bat eskaintzeko asmoz.

Gaur egun, udalekuak «aisialdiaren erreferente» dira Bizkaian eta gizarte eta hezkuntza arloetan esku hartzeko zerbitzu bat, pixkanaka gizarte premia berrietara egokitu dena. Hasieran, udalekuak baliabide gutxiko umeei laguntza zerbitzuak emateko izan ziren, baina gizarte aldaketengatik bilakaera izan dute eta orain haurren hezkuntza garapenerako baliozko osagarri bihurtu dira.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate