El Correo

Matxitxakoko itsas gudaren 80. urteurreneko oroimen ekitaldia egingo da gaur

  • Bermeoko Udaleko, Eusko Jaurlaritzako eta Matxitxako elkarteko kideek parte hartuko dabe eta ordu beteko iraupena izango dau

Matxitxakoko itsas gudaren 80. urteurrena beteko dira aurten eta Bermeoko Udalak, Matxitxako elkarteak eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuak antolatuta, batailaren oroimen ekitaldia egingo da gaur, Bermeon. Hitzordua, izan be eguerdiko hamabietan izango da, Bermeotik Bakiorako bide zaharrean, Gaztelugatxeko sarreratik hurre kokatuta dagoen Nestor Basterretxearen 'Matxitxakoko guda' izeneko eskulturaren ondoan, hain zuzen be.

Ekitaldian Bermeoko Udaleko, Eusko Jaurlaritzako eta Matxitxako elkarteko kideek parte hartuko dabe eta ordu beteko iraupena izango dau. «Ekitaldiraa joan daben herritarrentzat autobusa egongo da, 11:00etan, Lameratik urtenda. Zubiaur tar Kepa kalean be geldiunea egingo dau eta doako bidaia izango da», aurreratu dabe Bermeoko Udaletik.

Matxitxakoko itsas guda 1937. urteko martiaren 5ean gertatu zan, Bizkaiko Matxitxako lurmuturraren aurrean. Espainiako Gerra Zibil sasoian emon zan burrukaldia, Errepublikaren alde zegoan Eusko Itsas Gudarostearen itsas armada eta frankisten alde burrokatzen zebilan 'Canarias' gurutze-ontziaren artean, hain zuzen be. «Kantauriko itsas burruka gogorrena izan zan», baieztatzen dabe historialariek. Gertakari ha gogoratzeko, 1978an, atzerrian zegoan Eusko Jaurlaritzak Itsas Gudarien Eguna izendatu eban martiaren lehengo igandea, Bermeon.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate