El Correo

Bilboko Euskal Museoak 'Bizkaia hiru dimentsiotan' aplikazioa egin du

  • Aplikazioa museoan bertan dago eskuragarri (maketaren aretoan), eta laster dohainik jaitsi ahal izango da Apple eta Google Store bidez

Bilboko Euskal Museoak 'Bizkaia hiru dimentsiotan' gailu mugikorrentzako aplikazioa garatu du, hirugarren solairuan daukan Bizkaiko maketa inspirazio iturri bezala hartuta. Aplikazioa museoan bertan dago eskuragarri (maketaren aretoan) eta laster dohainik jaitsi ahal izango da Apple eta Google Store bidez.

Aplikazioari esker, Bizkaiaren historiako elementu nabarmenenak ezagutu edota lurraldeko eskualdeetako kulturan nahiz paisaian zehar nabigatu ahal izango du. Aplikazio elkarreragilea da, «eta benetako iraultza izango da gure lurra ezagutzeko moduari begira», museoaren arduradunek adierazi dutenez.

Hizkuntzen araberako edukietarako 75 pantaila (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez), 13 menu elkarreragile, autogidatutako 54 gune interesgarri, audiogida bakoitzera egokitutako 14 soinu efektu, 135 irudi eta ilustrazio baino gehiago, 17 galeria eta lau joko elkarreragile biltzen ditu aplikazioa, besteak beste.

Proiektua Malvado Sound Lab enpresak garatu du, eta, funtsean, edukia Euskal Museoaren bildumako materialean dago oinarrituta (Jesus Muñizen laguntzaz), baita erakundeko patrono diren Bizkaiko Aldundiak eta Bilboko Udalak egindako zenbait lanen bilduman ere.

Horrez gain, Bizkaiko historian eta kulturan oinarritutako musika ere diseinatu eta sortu da. Horren osagarri, aukera dago eskualdeetako mapa elkarreragilean zehar nabigatzeko, baliabide kultural, historiko, instituzional eta turistiko nagusietarako 30 web esteka baino gehiago ezagutzeko edota museoan bertan kokatutako baserrien eta dorretxeen erreprodukzioak bisitatzeko.

Itzultzaileek, lokutoreek edota diseinugileek hilabeteak eman dituzte lanean, Bizkaiko jaurerriko eta eskualdeetako magia jendearengana hurbildu nahi duen proiektu hau garatzeko.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate