El Correo

Literatura eta itzulpengintza izango dituzte hizpide Xabier Olarrak eta Harkaitz Canok Bilbon

  • Ekitaldia Bidebarrietako liburutegian izango da eta sarrera librea izango da eserleku guztiak bete arte

Bilboko Udalaren 'Eztabaidak literaturarekin' ekimenak Xabier Olarra idazle eta itzultzailea eta Harkaitz Cano idazlea elkartuko ditu gaur, euskal literaturari eta itzulpengintzari buruz hitz egiteko. Topaketa euskaraz izango da eta arratsaldeko 19.30ean hasiko da, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan. Sarrera librea izango da eserleku guztiak bete arte, eta ezin izango da aretora sartu ekitaldia hasi ondoren.

Moderatzailea Urtzi Urrutikoetxea idazle, kazetari eta bertsolaria izango da, eta euskaraz idatzitako euskal literaturaren inguruko zenbait gai planteatuko ditu, besteak beste, hizkuntzek argitalpenaren munduan ezartzen dituzten mugak edo betiko lan handiak eta gaur egungo 'best sellerrak' euskarara itzultzearen egoera.

Xabier Olarra Filosofia eta Letratan lizentziaduna da, Hizkuntza Erromanikoen modalitatean. Euskara eta Euskal Literatura irakasle izan da urteetan, eta Nafarroako Gobernuko itzultzaile gisa aritu da 1986tik. 1989an Igela argitaletxea jarri zuen martxan Joseba Urteagarekin eta Jose Manuel Gonzalezekin batera.

Xabier Olarrarekin batera Harkaitz Cano (Lasarte, 1975) egongo da. Zuzenbide lizentziaduna da, baina ez da inoiz horretan aritu, oso gazte zela ekin baitzion idazteari, hain zuzen, 1994an bere lehenengo poema liburua argitaratu zuenetik. Argitaratu zituen lehenengo lanak poesiakoak izan baziren ere, ondoren prosari ekin dio nagusiki, eta gaur egun euskal literatura berriaren «figura egonkorrenetakotzat» jotzen da, «argitaratzen dituen lan guztiek irakurleen artean duten harrera bikainak erakusten duen bezala».

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate